Bilbao Ars Sacrum musika zikloak zortzi kontzertu eskainiko ditu gaur hasita

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mar. 18a, 07:30

Gizakundearen eleizeak zortzi kontzertu hartuko ditu gartik martiaren 30era arte, eta tartean bertoko eta kanpoko bakarlariak eta abesbatzak izango dira. Bilbao Ars Sacrum zikloko sarrerak salgai dagoz daborduko, lau eurotan. Lehenengo kontzertua, gaur, Tölzer Knabenchor abesbatzaren eskutik helduko da.

Aste Santuko giroan sartuko ditu entzuleak  Bilbao Ars Sacrum egitarauak. Lehenengo emonaldia Tölzer Knabenchor ahots zurien bavariar abesbatzak eskainiko dau, Christian Fliegnerren zuzendaritzapean. Besteak beste, Haydn, Mozart, Rossini, Schubert, Vivaldi eta Verdiren lanak interpretauko ditue.

Martiaren 20an, Valentin Zubiaurre konpositore bizkaitarra omenduko dabe, haren heriotzearen 101. urteurrenean. Bermeoko Abesbatzak, Bizkaiko Ganbera Orkestreak, Marta Ubieta sopranoak eta Imanol Ormaza tenoreak hartuko dabe parte. Hilaren 21ean, Bilboko Abesbatzak eta Slovak Sinfonietta Zilina orkestrak Haydnen Stabat Mater interpretauko dabe, Julio Gergelyren eta Leôs Svárovskýren zuzendaritzapean, hurranez hurran. Solistak Martina Masarykovà (sopranoa), Karla Bytnarova (mezzosopranoa), Otokar Klein (tenorea) eta Tomás Selc (baju-baritonoa) izango dira.

Nederlands Kamerkoor izeneko Herbehereetako Ganbera Abesbatzak Rossiniren Petite Messe Solennelle piezea eskainiako dau hilaren 23an. Abesbatzaren zuzendaria Lionel Meunier izango da. Interpretazino historikoan espezializautako Acadèmia 1750 taldeak, Maria Jose Moreno sopranoagaz batera, Lamentatione programea interpretauko dabe, martiaren 25ean.

Altxor espainiarrak Ameriketan saioak Raquel Andueza soprano iruindarra eta Aragoiko Al Ayre Español taldea batuko ditu hilaren 27an. Eta hurrengo egunean, 28an, Avilako Santa Teresaren heriotzearen bosgarren mendeurrena izango dabe gogoan. Marisa Paredesek haren testu batzuk errezitauko ditu, Ensemble Plus Ultra taldea lagun dauela.

Amaitzeko, hilaren 30an, Indiarren mezea eskainiko dau Ensemble La Chimera taldeak, Eduardo Egüezen gidaritzapean, eta Barbara Kusa eta Luis Rigou kantariekaz.



Sarrerak Bilbao 700 Fundazinoaren bulegoan erosi daitekez, 10:30etik 18:30era bitartean. Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira; martiaren 21ekoa eta 28koa izan ezean, horrek, 20:30ean. Bulegoaren helbidea: Zabalgune eraikina. Zabalgune plazea 11, 1. pisua (94 679 04 88).

 

Bilbao Ars Sacrum