Boise, euskal diasporearen topagune

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 28a, 00:00

Garagarrilaren 28tik abuztuaren 2ra, Boise euskal kulturearen uriburu bihurtuko da, bost urtean behin ospatzen dan Jaialdiari esker. Idahon bertan edo Estadu Batuetan bizi diran euskaldunek eta hareen ondorengoek alkarregaz egoteko aukerea eukiko dabe, baita diasporan bizi diran beste euskaldun askok be. Hori gitxi balitz, Euskal Herritik be, batez be Bizkaitik, jente piloa joan da aurten Boisera, Jaialdia ezagutu eta hango euskaldunakaz egoteko. Ekitaldi ugari egongo dira egunotan, beraz, Mendebalde Urruneko uri haretan.

Boiseko Euskal Etxeak antolatuta, bost urtean behin egiten da Jaialdia. Diasporako euskal jairik jentetsuena eta ezagunena bihurtu da, urterik urtera gero eta jente gehiagok parte hartzen dau. Erakunde publikoetako ordezkariak be egoten dira han. Esate baterako, aurten Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia dagoz Estadu Batuetan. Boiseko eta Idahoko agintariak be ez dira faltauko, euskal jatorriko David Bieter alkatea buru.

Jaialdiaren erdigunea Basque Block dalako auzunea izaten da, hau da, euskaldunen topaleku izaten dan gunea. Bertan dagoz Euskal Etxea, euskal tabernak, pilotalekua eta euskal-amerikarrei eskainitako oroigarriak. Halandabe, ekitaldi batzuk Boiseko beste leku batzuetan egingo dira. Bitxia bada be, Jaialdiko lehenengo ekitaldia Bilbon egingo da. Izan be, Kepa Junkerak kontzertua eskainiko dau Iberdrola dorrearen goialdetik. Boisen zuzenean ikusi ahal izango da emonaldia (martitzena, 19:00), streaming bidez, Basque Blockean ipiniko daben pantaila erraldoitik.

Martitzenean eta eguaztenean, Basque Blockera hurreratzen diran guztiei harrerea egingo deutsie (11:00-17:00), jan-edana, musikea eta abar egongo dira. Eguenean, harri-jasotzaileak, aizkolariak eta beste herri kirol batzuk izango dira protagonista, CenturyLink Arenan (19:00). Basque Blockean euskal jantzak egongo dira (20:45) eta Luhartz taldeak emonaldia eskainiko dau.

Barikuan, Festara izeneko ekitaldia egingo dabe. Entzute handiko jaia bihurtu da hori Boisen eta, aurten, sarrera guztiak salduta dagoz dagoeneko. Euskal musika, kantak eta jantzak izaten dira protagonista Festaran, euskal kulturearen erakusgarri izateko ekitaldia da eta. Boiseko Oinkari taldeak parte hartuko dau, besteak beste.

Zapatuan, euskal azokea eta San Inazio eguneko ospakizunak eukiko ditue. Mezea 19:00etan izango da, St Marks eleizan eta Oñatiko zein Boiseko jantzariek parte hartuko dabe. Mezea euskeraz eta ingelesez izango da. Ferialekuan, ostera, Amuma Says No taldearen kontzertua egongo da.

Jaialdiko azkanengo eguna domekea izango da, abuztuaren 2a. Euskal azokea eta kaleko jantzak egongo dira egun horretan, besteak beste. Horrezaz gan, Jaialdia martxan dagoan artean, euskal giroa eta jan eta edateko aukera zabala egongo da Basque Blockean. Euskal Herriko, Estadu Batuetako eta mundu zabaleko euskaldunak nahastauko dira kale berean.

Kontzertu eta jantzaldien egitarau osoa (ingelesez) hemen

Oharra: Ordutegiak Boiseko orduan emonda dagoz.

Osorik irakurri