uriola.eus

Demokraziaren aldarria Bilbotik Kataluniara

Erabiltzailearen aurpegia   Jendartea

Gure Esku Dago egitasmoak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitutako kontzentrazioetan, 1.000 lagun baino gehiagok elkartasuna adierazi diote Kataluniari: "Sekulan ez zarete bakarrik ibiliko etorkizuna demokratikoki erabakitzeko bidean". Nabarmendu dute "demokrazian sakontzeko unea" dela.

Demokraziaren aldarria Bilbotik Kataluniara
Argazkiak: Gure Esku Dago | Ikusi handiago | Argazki originala

Kataluniako presidente ohi Artur Masen eta harekin batera auzipetuta dauden bere gobernuko beste hiru kideen aurka abiatuko den auzi saioaren bezperan, eta "Kataluniako hautetsontzien aurkako judizializazioaren aurrean", Gure Esku Dagok deituta kontzentrazio jendetsuak egin ziren atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Ehunka herritarrez gain, lehen lerroko hainbat politikari ere bertaratu dira; Andoni Ortuzar eta Arnaldo Otegi, besteak beste.

Generalitateko arduradun batzuk ez ezik, "2014ko azaroaren 9ko galdeketan parte hartu zuten bi milioitik gora herritarren borondatea" ere epaituko dutela salatu dute, "baita galdeketa hartan era batera edo bestera parte hartu zuten milaka eta milaka herritarrak ere".

Kataluniako Parlamentuko lehendakari Carme Forcadell eta mahaiko kide batzuk auzibidean daudela eta 400dik gora hautetsik eginbide judizialak irekita dituztela ere ekarri dute gogora, hautetsontzietan jasotako agindua bideratzeagatik edo hautetsontzietatik eratorritako ordezkaritza zereginak betetzeagatik.

Mobilizazioek bi helburu nagusi izan dituzte; batetik, Kataluniako hautetsiei eta herritarrei elkartasuna adieraztea; eta, bestetik, demokraziaren aldarria lau haizetara zabaltzea: "Gaur hemen bildu garenok sinesten dugu demokrazian sakonduz soilik eraikiko dugula etorkizun hobe bat".

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean bildutako herritarrek hitz bakar batekin erantzun die Kataluniaren aurkako traba, oztopo eta jazarpen judizialei: "Denokrazia". Lau hiriburuetan letra handiekin osatu dute hitza eta herritarrek eramandako gutunazalek eta hautetsontziek eman diote zentzua berbari: "Hain justu demokrazia hori baita, herritarrei hitza ematea, herritarren borondateari bide ematea".

"Demokrazian sakontzeko unea" dela eta demokraziaren aldarria euskal herritarrena ere badela nabarmendu dute bozeramaileek. Eta eskua luzatu diote Kataluniari: "Sekulan ez zarete bakarrik ibiliko etorkizuna demokratikoki erabakitzeko bidean. Demokraziaren aldarria gurea ere bada. Guztiona da. Gure eskuak laguntzeko prest dauzkazue".

"Erabaki nahi dugu, bozkatuko dugu eta erabakiko dugu. Volem decidir, votarem e decidirem. Gure Esku Dago!", esanez amaitu dute adierazpena. Demokrazia hitzak ondo jaso dituzte gero, gaurko aldarriak gaur ere bere horretan jarraituko duelako. "Demokraziak ez baitu iraungitze datarik".

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa