Jauntxoak herriari osten: Begoñako Artetxueta mendia (1776)

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2015ko abe. 16a, 20:41
Begoña eta Artxanda aldeko planoa 1875 urte aldean

Lapur berba erabiltzen dugunean bidean atera eta poltsa emateko agintzen zuten bandoleroak etortzen zaizkigu burura. Baina ostu, benetan ostu, antzina eta orain, ahaltsuek egin izan dute. XVII. eta XVIII. mendeetan, Begoñan eta albo-herrietan, jauntxo eta merkatarien kasta lur sail zabalaz jabetu zen. Hona hemen lapurreta horietako bat, baina ustela, herriak eragotzi zuen eta.

Lapur txikiak kastigatzeko, nonahi badago kartzela, handiak hor ikusten ditut, paseoan dabiltzala”. Horrela kantatu zuen Juan Manuel Lujanbio Txirritak eta horrela izan da historian, atzo bezala gaur ere. Gure herrietan horrelako kasu asko gertatu dira. Orain XVII. eta XVIII. mendeetan Begoñan gertatutako lapurreta batzuei begiratuko diegu: baserri-jabeek -ia denak jauntxoak edo merkatariak ziren- herri-lurrak eurentzat hartu zituztenean.

Lapurreta horiek egiteko modu desberdinak zeuden. Hemen bat azalduko dugu. Bizkaiko foruak baimena ematen zien herrietako ugazabei herri-lurretan zuhaitzak landatzeko. Baserri jabe txikiz osatutako herrien neurriko erabakia zen hura. Baina Bilbo aldean (Begoña, Abando, Deustua...) aberatsak -jauntxoak eta merkatariak- ia baserri guztiez jabetu ziren XVIII. mendeak bere erdia jo orduko. Ondorioz, haiek ziren herri-lurretan zuhaitzak landatu ahal zirenak, eta ez, adibidez, haien baserritar errenteroak. Horrela, herri-lurrak herritarrei barik, aberatsei ematen zieten zerbitzua. Baina, gainera, laster erabili zuten eskubide hori herri-lurrez jabetzeko: argudiatu zuten lursail haiek eurenak zirela eta horrela erakusten zuen “beti” landatu izan zituztela zuhaitzak eremu haietan. Haien alde erabiltzen zuten herri-lurrek normalean ez zeukatela jabetza-agiririk.

Hori izan zen, hain zuzen, Zurbarango dorretxeko jaunak, Domingo Erkinigok alegia, 1774an baliatu zuen bidea Artetxueta mendiaz jabetzeko. Salaketa paratu zuen Korrejidorearen auzitegian esanez ba ze Begoñako herria Artetxueta mendiaz jabetu zela eta hura berea zela, Zurbaran dorretxea eta Artetxueta baserria bereak zirelako. Eta jabetza horren erakusgarria zen bertan zeuzkan zuhaitzak. Begoñako Udalak erantzun bizkorra eman zuen auzitegian: “el monte Artechueta en cuio terreno ha tenido y tiene dicho don Domingo algunos arvoles rovles, castañales y encinos es todo él común y conzejil de dicha anteyglesia”. Zuhaitzak ikutu barik, 1769an herriak eremua goldatu eta hesitu egin zuen bertan garia eta artoa landatzeko. Enkantean atera zuen eta une hartan Josef Bitorikak zeukan, urtean herriari 39 dukat ordainduta.

Auzi luzea piztu zen, bateko zein besteko agiriak eta lekukoak aurkeztuta. Horrela jakin dugu ehun urte lehenago, 1669an, Zurbaran dorretxeko andrea, Ana Maria Sabugal alegia, Artetxueta edo Ikarreta (edo Ikazeta) aldeko sakoneko herri-lurrez jabetu zela: hesitu eta sagastia landatu zuen. Herriak salatu ostean andreak atzera egin zuen, berriro zabaldu eta sagastia kenduta.

Korrejidoreak herriaren aldeko epaia eman zuen 1774ko azaroan. Zurbarango dorretxeko jaunak helegitea paratu zuen, baina epai berriak -Korrejidoreak eta ahaldun nagusiek emanda- lehenengoa berretsi zuen. Helegite gehiago jarri zuen Erkinigok. Horietan argudiatu zuen, besteak beste, mugarriak egon bazeudela, baina herritarrek kendu zituztela.

Korrejidoreak adituen aburua eskatu zuen. Erkinigok Domingo Urrutxua aurkeztu zuen eta hark bere aldeko iritzia eman zuen. Herriak, ostera, Juan Torre Murueta aukeratu zuen aditu eta hark txosten luze eta zehatza osatu zuen Begoñako herri-lurrak zirela ondorioztatzeko. Desadostasuna ikusita, Korrejidoreak beste aditu bat izendatu zuen eta hark Erkinigoren alde jo zuen. Ondoren, beste bi izendatu zituen eta haiek herriaren aldeko iritzia eman zuten. Azkenean Korrejidoreak epai berria eman zuen: ez zegoen frogarik ez mendian ez agirietan Erkinigoren alde. Beraz, haiek herri-lurrak ziren. Eta herri-lurrak izanda, ezin ziren hesitu. Goldatu bai, zarratu ez.

1777 urtea zen. Auzia hasi eta hiru urte geroago. Eta diru handiak gastatuta auzian, dela eskribauetan, dela adituetan edo helegiteetan. Domingo Erkinigok Valladolideko Kantzelaritzara jo zuen, helegite berriaz, baina alferrik. Han ere galdu zuen. 1779 urtea zen.

 

Artxanda aldeko mendia

Agirietan azaltzen da herri-lur haiek non zeuden, baita inguruetako beste leku batzuk ere. Zurbarango dorretxea Zurbaranen zegoen, jakina. Artetxueta baserria gorago, gaur egungo Arabella aldean. Eta auziko lursaila, Artetxueta, lekuko batek zehaztu zuenez, “Santo Domingo ermitatik hurrean” zegoen. Alegia, Artxanda gainean, Agirleta aldean. Juan Torre adituak are gehiago zehaztu zuen: “monte entre las casas de Urruñaga, Mendiarte y Artechueta y en su ondonada en parte tiene por divisero un regato que llaman de Mendiarte”.