Oskorriren 'despedidia'

40 urte 24 kantutan

Erabiltzailearen aurpegia IkerMartinezDeLagos 2015ko aza. 23a, 13:18

Himnoak, ereserkiak sortzeko gaitasuna izan du Oskorrik urte askotan; Arriaga Antzokian eskainitako azken kontzertuan ondo erakutsi digute hori. Agurrak ez direla zertan tristeak izan ere frogatu zuten Natxo, Anton, Bixente eta gainontzeko Oskorrikideek.

Hogeitalau kantutan ezin daiteke 40 urtetako ibilbidea laburbildu, ikus-entzule bakoitzak beste hainbeste kantu gutxienez nahi lituzke zerrendan, baina errepertorio sendo eta ederra eskaini zuen bart zortzikoteak. 

Arriagara gerturatutakoak ez gara objetiboak izango Oskorriren agurra baloratzeko. Senide eta lagun ugari bildu ziren batetik, Natxok oso presente izan zituen kontzertuan zehar.

Nostalgiaren eragina ere izan genuen bertaratutakook; nik bai behintzat. Arriagan entzun eta abestutako kantuen artean egon ziren, besteak beste, duela 25-30 urte gurasoen autoan hainbestetan entzundako 'Alemanian euskaraz' kaseteko hainbat (buelta batzuk eman genizkion, bai).

Esker-on sentipena ere Bilbotar euskaldun modura, euskal kulturgintzaren ustezko epizentroetatik urrun, euskaraz, bide urratzaile izateagatik. Oskorri entzunda, Zarama eta Ama Say taldeak datozkit burura zeharkako lotura horietako batean.

Eta sentipen guzti horiek barruan genituela ekin zioten agur-kontzertuari Oskorriko lagunek Atzo goizean kantuarekin. Eta aurkezpenaren ondoren erreskadan bota zituzten Guretzat eta Euskaldun berriaren balada. Eta gogora ekarri zizkiguten Gabriel Aresti, Xabier Amuriza, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Joxe Austin Arrieta, Maialen Lujanbio, Koldo Izagirre eta beste hainbeste. Eta "kontzertu demokratiko" onenetan legez, kantuan jarri gintuzten: Sautrela, Gaztelugatxe, Ez zaitez joan oraindik, Aita-semeak,…  eta Topa dagigun kantatuz "gora eta gora beti" Oskorri esanez agurtu genituen. Eta birritan egin zituzten bisak, Arriaga antzokiko korridoreetan dantza egin daitekeela erakutsiz. Eta ahotsa urratu arte kantatu genuen Furra, furra, "muniziorik gabe" geldituz eta "akordeoiak arma bakartzat". Eta di-da joan zitzaizkigun bi ordu.

Plaza faltan joan omen dira Oskorrikoak, eta paradoxa litzateke, baina agian norbaiti bururatuko zaio egunen batean Bilboko kaleren bati Oskorri izena jartzea (karrikarik gura ez zuen Gabriel Arestiren baimenarekin). Eta Bilbaopedian agertzen ez bada ere, mereziko ahal du lekuren bat Oskorrik gure eskoletako liburuetan (eta Zaramak eta Ama Sayk)!

Eskerrik asko eta ez adiorik, Oskorri!