Herritarren borondatea eta erakundeen neurriak

Erabiltzailearen aurpegia IkerMartinezDeLagos 2017ko mai. 16a, 08:56
Argazkia: Udaltop topaketak‏ @udaltop

250 lagunetik gora batu gara maiatzaren 11 eta 12an Lasarte-Orian ospatutako Udaltop jardunaldietan. Bi galdera proposatu dituzte antolatzaileek aurtengo topaketarako: “Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza-ohituren aldaketa?”. Aurten gai erakargarria proposatu dutenaren seinale da parte hartzea, zalantza barik.

Azken urteotan herrietako euskaltzaleen mugimenduak martxan jarritako dinamika berriek ikusmina eta ilusioa piztu dute. Eta ilusioa pizteaz gain oso mezu argiak utzi dituzte:

• Euskaraz bizitzeko, gure hizkuntza praktikak aldatu behar eta ahal ditugu; eta horretarako gure burua prestatzeko tresnak badaude

• Euskaraz hitz egiteko gaitasunik edo erraztasunik ez dutenek ere, asko egin dezakete; ulermenetik, euskara erabiltzeko hautua egin dugunoi, gure nahia betetzen lagundu ahal digute.

• Euskaltzaleok elkartuta eta batera jardunez, inguruan aldaketak eragiteko gaitasuna dugu. 

Beste elementu bat ere gehitu nahi nioke orain artekoari. Euskaltzaleen indarrari eta herritarren borondateari, era guztietako elkarte, entitate eta erakundeek eman beharreko urratsak gehitu behar zaizkie. Horrela lortu ahal izango ditugu benetako gizarte aldaketa sakonak.

Hizkuntza ohitura eta praktikatan eragiteko, pertsonen nahi eta borondateaz gain, testuinguru eta egoera egokiak behar dira. Eta horretan, gure gizartean dauden era guztietako erakundeek (izan administrazio publiko, enpresa, auzo-elkarte, komertzio, elkarte gastronomiko edo dena delako erakundetzea duten taldeek) zeresana eta zeregina dute; handia gainera. Edozein eragilek ditu funtzionatzeko eta jarduteko orduan idatzi edo idatzi gabeko arauak. Eta horiek partaideen hizkuntza-erabilera-praktikak erraztu edo trabatu ditzake.

Muturreko adibide bat aipatuko dut: Euskal Telebistan izar den El Conquis programan, beren bizitzan ohiko komunikazio hizkuntza euskara duten hainbat partaide ikusi ohi ditugu gazteleraz hizketan beraien artean. Kasu honetan, erabaki bat dago hizkuntza-praktika librea baldintzatzen duena. Beste eremu batzuetan erabakiak ez dira hain agerikoak, baina funtzionamendu arau ez idatziak eta askotan ohiturak sortuak, egon badaude.

Posible da era guztietako erakundeetan euskaraz aritu nahi dutenen hautua babesteko neurriak hartzea. Euskaltzaleok, norbanakoen hautu eta praktiketan eragiteaz gain, badugu erakundeen neurrietan eragitea ere. Udaltopen Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztutako proposamenean, biak uztartzeko gonbitea eta deia egin dugu.

 

(info7 irratiko Gureaz Blai saioan maiatzaren 11an egindako kolaborazioa)