Euskerea, Gazteak, Erabilerea, Ahalduntzea

Erabiltzailearen aurpegia Javi Onaindia 2017ko urt. 30a, 09:57

Pozten naz izenburuak atzera bota ez eta irakurten jarraitu badozu. Sarri alarma gorria bizten deuskuen osagaiak dira euskerea, gazteak eta erabilerea. Koktelari ahalduntzea gehituta ia alarma gorritik itxaropenaren berdera pasetan garen.

Euskerearen ganean oraintsu entzundako berbaldi batean hizlariak esaten eban dialektoak ez dauela balio bizitza modernorako, horretarako euskera batuaren balioa eta beharra nabarmenduz. Ez naz eztabaida horretan sartuko, horretan ni baino mila bider jente adituagoa dagoelako, baina kontraesan bat ekarri eustan burura entzundakoak: "euskalkiak ez dau bizitza modernorako balioko, baina nire semeak gaztelania ez danean euskalkia baino ez darabil komunikazino bide modernoetan: whatsapp, gizarte sareak…". Azalduko deutsuet bizi dodan errealidadea. Jatorriz euskera hutsean bizi dan herri batekoa nauzue, arnasgunea deitzen dan horreetarikoa, baina gaur egun euskerea nagusi ez dan herri batean bizi naz. Internet garaian jaio eta hazitako seme nerabea daukat, whatsappa eta bestelako komunikazino bide modernoak eten barik erabilten dituana. Euskera batuan hezi eta hazi dan ikastolako lagunekin mezuak gaztelania hutsean ketan ibilten dira sareotan, baina asteburu eta oporretako atsedenleku dogun nire jaioterriko kuadrilakoekin euskera hutsean: etxeko euskeran bizi-bizi, nahiz eta danak euskera batuan alfabetatuak izan. Guztiek ikasi dabe batuaz eskolan, ez dira euskalkian alfabetatu, baina alkarri mezuak bialtzeko euskalkiaren/ahozkotasunaren freskotasuna bilatzen dabe. Konturatu naz ganera gaztelaniazko forma modernoen ordezkoak topetako arazorik ez dabela, lehengotik edanda: adibidez gaztelaniazko "tio/a"ren ordez hikako "hi" formea erabilita, nahiz eta zukaz egin berba. Berbaz zein gizarte sareetan euskalkia da euren komunikazino bidea, etxekoa. Behar bada ez dira modernoegiak izango.

Oraintsu beste une pozgarri bat bizi izan dot arnasguneko jaioterrian, euskereagaz lotuta. Jaietako txoznan gaueko txandea egitea tokatu jatan gazteentzako kontzertu gauean. Baita piloa batu be! Danak eskualdekoak, edo gehienak: guzti-guztiek euskeraz eskatu eustien edatekoa. Danak euskeraz, euskalkian, etxekoan, eskatu eta mostradore ondoko euren kontualdiak, barreak, eztabaidak, ligoteoak eta bestelakoak. Adinez 16tik 30era artekoak gitxi gorabehera, danak batuan alfabetautakoak baina euren arteko komunikazinorako dialektoa aukeratzen dabenak. Beraz ez dakit euskalkiak bizitza modernorako balio dauen ala ez, baina berezkoa daben gazteen komunikazinorako bai. Eta ez dira ba horretarako hizkuntzak? Zorionez arnasguneetako gazteen artean indartsu dago euskerea.

Eta nire galderea da: arnasguneetako gazteen indar hori ez dogu erabiliko aukera hori ez daben gazteak euskerara erakarteko? Ala dialektoa aukeratzen dabenez alperrik galtzen itxi behar dogu?

Alperrik da helduok gaztelania nagusi dan herrietako gazteei esatea euskeraz ikasi eta egiteko, eurak erabilerarik topetan ez badeutsie. Eta gazte horreetariko gehienek ez dakie toki askotan euren adineko neska-mutikoek eurek egiten daben guztia euskeraz egiten dabela: ikasi, ligau, gizarte sareak erabili, parrandan ibili, kirola, botiloia, kontzertuez gozatu, gurasoekin kontuak esan eta eztabaidatu… euskereak guzti horretarako balio dauela. Ez dakianari hori janaraztea derrigorrekoa dogu, euskerea zertarako ikasten daben ulertzeko.

Ez gara gai izango mundu paralelo biotako gazteak batzeko? Euren artean, eta bide batez euskereagaz, harreman afektiboak sortzeko? Ahaldundu daiguzan arnasguneetako gazteak, indarra emon motorra eurak izan daitezan. Familiekin trukeak eginda gazteak ingelesa ikastera milazak kilometrotara bidaltzen baditugu, aukera onena horixe dalakoan, ez gara gai izango kilometro gitxiren barruan sareak sortzeko? Fisikoak zein birtualak, teknologia barrien aukerak aprobetxauta.

Mundu paraleloetatik nahastera, gorritik berdera, alarmatik itxaropenera.

Indarra badago, aprobetxau daigun egoki!