Aste Nagusia 2016

Josu Torre: "Marijaia izozkia"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2016ko abu. 22a, 19:46

Aste Nagusian, noizean behin, kalez kale eta jai gunetik konkretutik landa ibiltzeak sorpresa eta kuriositateak ematen ditu. Batetik, jai gune hori uste baino askoz zabalagoa dela. Ezin hiriburu osora hedatu, baina Zabalgunean jendez beteko hainbat zonaz egiten duzu topa.

Zeresanik ez, Albia Lorategia inguruan, Plaza Borobiliean eta abar. Hauetan, errioaren eskumako aldeko Areatza edo Zazpi Kaleetan beste. Horrela, Ledesma kaletik gora noala, Mazarredo izkinan izozki bitxi batekin topo egin nuen eta bertara sartu ere.

Xonia sopelaztarra eta Alberto, Milaneko italiarrak, egiten didate kasu: “Ekainean ireki genuen baina Sopelan ba daramagu lau urte aurretik”. Bitxia esan dudanean, izozkitik harago gauza mordo bat ikusi nituelako: “Alberto ofizioko sukaldaria da betidanik eta izozkiaz gain, askotariko pasta, saltsak, lasaña, tiramisu, krepeak  edo gailetak ere egiten ditu. Dena gure etxean eta eskuz, artisau erara, Sopelako sukaldean. Italiarra izaki, hango ardo batzuk eta abar ere saltzen ditugu”.

Denda txiki hartara eraman ninduena ez zen izan hori, dena den, leihoan ikusi nuen iragarkia baizik, “Marijaia izozkia”.  Italiatik etorri behar holako lezioak ematen. Xonia eta Albertok Bilbora indarrez sartzeko bertokoen gustuetara hurbiltzea argi ikusi zuten eta, dagoeneko, gurinezko opila, karolina, txakoliña, Idiazabal gazta eta abarren gustuko izozkiak zituzten eta Aste Nagusiaren atarian irekitzeko, Marijaiari keinu bat egitea pentsatu zuten; italiarrak ilusioz azaldu zidan, gainera: “Esan gabe doa Bilboko koloreak zuria eta gorria, esne gainez eta bertoko gereziaz erraz lortu genituen; Aste Nagusiaz  hainbesteko zerikusia duen urdina, ordea, Italiako moscato urdinez eman diot, horrela italiar ukitua emanez, bai kolorez eta bai zaporez.” 

Aspalditik, nire ume garaitik gutxienik, zeuden italiar izozkiak Bilboko kaleetan salgai baina oraingoak, eta garai berriak eskatzen duten neurrian, eskuz eginak eta berton bertokoak.