Protagonistak, nabarmen aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko api. 26a, 09:22
www.aspepelota.eus

Aurreneko jardunaldian iragarriatako laurek aurrera egin bazuten, oraingoan beste hainbeste. Artola, Rezusta, Olaizola IIa eta Joseba Ezkurdiaren alde egin genuen, kasu bakoitza arrazoituz eta bete betean asmatu ere bai, arrazoiak barne.

Betidanik entzun dut buruz burukoa, Manomanista izenez ezagutzen den leihaketa, ezker horma edo esku huskako netoena, garbiena dela. Zerbaitegaitik da edozeinek egin duen pilotaren historian edo istorioetan nabarmenen agertzen den txapelketa. Horregaitik agian, noiztik ez dakidanetik, irabazle gertatzen denak urte guztian zehar gerriko, eta orain elastiko, gorria darama aldean.

Labur labur aztertu nahi nuke datorren asteburu eta astelehenerako aurreikusten dudana; final laurdenera iritsi garen honetan. Jakina denez, iazkoan lerroburu geratu ziren laurak sartzen diren jardunaldi honetan. Jokin Altuna IIIa amezketarak irekitzen du jarduna ostiralean Donostian fase honetara igo den, Beñat Rezusta, atzelari bakarraren aurka. Biak daude joko puntu bikainean. Iaz emaitzik eta jokorik hoberena izan zuen aurrelaria eta aurtengo Binakako atzelari txapelduna. Susmoa eta aurre iritzia Jokinen aldera doakit, atzelaririk gabe geratuko litzake beraz aurtengo Manomanista ere.

Iruñeako Labrit kokoteraino beteko da larunbatean, XXI mendeko pilotaririk osoena datorrelako kantxara. Aimar Olaizola pilpileko jokoan da eta ilusioz beteta. Ez dio batere erraz jarriko, Oinatz Bengoetxeak, Leitzako artistak, tantoa bukatzen nahiz defentsan jaioa delako. Hala ere, Goizuetarra jotzen dute faborito postura edo trabesak, eta neu ere pixka bat bere alde jartzen naiz. 

Mikel Urrutikoetxea egungo txapelordea da, aginte makil hori iaz galdu ondoren. Bilboko Bizkaia frontoiak ongi ezagutzen ditu haren garaipenak eta iazko finaleko porrota ere, eta oraingoan faboritotzat jotzen dute, Julen Retegi baztertuz finalerdiaren bila datorren Joseba Ezkurdiaren aurrean, igande arratsaldean.

Jardunaldia txapeldunak eta Artolak itxiko dute, astelehenean Eibarren. Irribarria aramarrak Binakakoan erakutsi du berriro zein mailako pilotaria den eta zein joko puntuan dagoen. Iñaki Artola edozeini sorpresa emateko moduko pilotaria da baina txapeldunak  harkaitz handi samarra ematen du gainditzeko. Jarraituko diegu.