LAB hauteskunde sindikalen prozesuari anbizioz ekiteko prest da

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2014ko eka. 5a, 14:00
Prozesuaren atarian gaudenean kanpainaren aurkezpen publikoa egin du gaur Bilbon sindikatuak. Ordezkaritza sindikalaren egungo argazkitik abiatuta, LABen erronkak, kanpainaren nondik norakoak eta prozesuaren beraren garrantzia izan dute hizpide LABeko kideek. Ekainaren 19an delegatuekin ekitaldia burutuko da Euskaldunan.

Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, Sonia Gonzalez komunikazio idazkarak eta Gorka Berasategi hausteskunde sindikaletako arduradunak LABek atarian diren hauteskunde sindikaletan lehiatzeko sindikatuak prestatutako kanpaina aurkeztu dute gaur medioen aurrean.

"Guk LABekin bat" lelopean sindikatua enplegua eta gazlite guztion eskubideak defendatzeko, pobrezia eta langabeziaren aurka egiteko eta Euskal Herrira aldaketa politiko eta soziala ekartzeko alternatiba bezala aurkeztu da.

Kanpainari hasiera emateko eta hauteskunde sindikaletarako motorrak berotzeko, datorren ekainaren 19an LABeko delegatuak Euskaldunan izango den ekitaldi batera daude deituak.

Hauteskunde sindikalen garrantzia

Ainhoa Etxaidek hauteskundeen epealdi trinkora LAB indartsu iristen dela adierazi du, eta momentu honetan eztabaida sindikala markatzen duena LAB dela gaineratu du. Eman diren aldaketa kuantitatiboen aurrean agenda propioa eta konfrontazioan oinarritutako eredu sindikala indartzen ari dela esan du Etxaidek, eta egun lehian diren bi estrategia sindikalak ELA eta LABen artekoa direla gehitu du.

LABek helburu bezala hauteskunde hauetan bigarren indarra izatera pasatzea bilatzen du, modu honetan ELA eta LABen arteko aliantzaren bidez Euskal Herria haintzat hartzen duen eta eredu berri bat eraikitzeko bide propioa egin nahi duen sindikalgintzari hegemonia emanez.

Lan honetan LAB eredu sozial berria eraikitzeko prozesu soberanista bultzatuko den sindikatu independentista bezala aurkezten da. Alternatiben inguruan akordio sozial eta politikoak eraikitzeko prest dagoena eta eskaintzak egiteko gaitasuna eta akordioetara iristeko prestutasuna duena. Modu berean, Etxaidek LAB, gaurdaino bezala, patronalaren asmoei aurre egiteko eta politikak aldatzera behartzeko borrokan izango dela esan du.

LABen lehentasuna langileon egoera hobetzea izango dela adierazi dute LABeko kideek eta helburutzat Euskal Herria eta euskal langileok behar dugun alternatibaren eraikuntzan aurrera urratsa ematea. Gatazka konpontzea, ukazioa eta zatiketa gainditzea, eta alternatiba eraikitzeko eskubidea eskutan langileon Euskal Herria eraikitzea.

Langileei hauteskunde hauei begira proposamen bat luzatu die LABek: borroka honetan inplikatzea eta konpromisoak hartzea LABen alde eginez eta LABen antolatuta borrokatzeko urratsa ematen dutenei babesa ematea.