Asteko bost egunera zabaldu dute greba EAEko auzitegiko medikuek

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2016ko mai. 2a, 15:39

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan adierazi dute hemendik aurrera astelehenetik ostiralera egingo dutela greba, 09:30etik 14:00etara.

Haien esanetan, 18 urte luze daramatzate zain medikuntzako profesionaltzat har ditzaten, Osakidetzako medikuek duten gutxieneko ordainsari berdina erreklamatuz.

Azken urteotan, EAEko Justizia Saileko buruan zeinbait alderdi egon dira, EAJ, PSE, EA eta berriz ere EAJ. Denetarik ikusi behar izan dute auzitegi medikuek: hitz polit eta ez hain politak; pazientzia izateko eskatu diete ekingo ziotelako eurenari... Baina nekatuta daude itxarotearekin eta nahikoa dela esan dute.

Egiten dituzten oinarrizko hiru aldarrikapenak betetzeko garaia heldu da: etengabeko prestakuntza espezializaturako eskubidea; zaintza eguna igarota gutxieneko atsedenerako eskubidea; Osakidetzan medikuek irabazten duten gutxi-gutxieneko lansaria jasotzeko eskubidea.

Izan ere, gatazka hau ez da tratuan arituta konpontzen den horietakoa. Hamazortzi urtez eskatu dituzten gutxieneko aldarrikapen horiek izateko eskubidea baduten ala ez da kontu honen mamia.

Horrezaz gain, egungo Justizia Sailak frogatu du medikuen funtzioez ezer gutxi dakiela, egiten duten lanari ia mespretxua adierazteraino, batez ere Zuzendariak.

Ba al dakite Sailean zein egoerari egin behar dioten aurre egunero auzitegi medikuek? Kontsultara zer pertsona mota joaten zaien? Zer arazoren eta gairen gainean erabaki behar duten?

Bada, hizpide ditugun pertsonak honakoak dira: zuhurtziagabekeria edo delitu baten biktimak; erasoen edota indarra erabiliz egindako lapurreten biktimak; tratu txarrak jasandakoak (emakumeak, adinekoak, umeak); sexu-erasoen biktimak...

Baina baita, buru-osasuna dela-eta, psikiatrikoan sartzea ala ez erabaki behar den pertsonak ere; eta hainbat zaharrei tutorea izendatu behar zaien, euren burua gobernatzeko gai diren aztertuta.

Labur esanda, ez gara ari ez zenbakiez ezta estatistikez ere. Aitzitik, pazienteak, pertsonak artatu behar dituzte eta horiek tratu espezializatua, hurbila eta humanoa behar dute, sufrimendu handia pairatutako gizakiak baitira.

LAB sindikatuak auzitegi medikuak eta berauen aldarrikapenak babesten ditu eta bat egiten du egitekoak diren mobilizazioekin.