Loraldia 2017

Loraldia festibala Deustun egosten da

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Olaziregi 2017ko mar. 6a, 08:34
Argazkia: Deustuko ikastola

Bihartik aurrera egitarau berritzaile eta oparoa ekarriko du Loraldia euskal kulturaren jaialdiak. Deustun sortutako euskal kulturaren festan 150 artistek hartuko dute parte eta 30 ikuskizun eta bi ekoizpen propio plazaratuko dituzte.

Bilbon egiten den euskal kulturaren jaialdirik handiena Deustun prestatzen da. Lan taldean dauden sei lagunetatik lau Deustun bizi dira, eta bilerak Zanpa Zanpa elkartean egiten dituzte. Aurten gainera, Deustuko ikastolako LH5 eta LH6ko ikasleek ere parte hartuko dute euskal mitologian oinarritzen den ikuskizun bat aurkeztuz Campos antzokian.

Imanol Agirre Loraldiaren zuzendari artistikoarekin egon gara festibalaren aurkezpena egin duten egun berean. Emozioa transmititu digu elkarrizketaren lehenengo unetik. Inoiz baino kalitate eta kantitate handiagorekin omen dator udaberriko festa, berritzaile, probokatzaile eta modernoa. Hirugarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekoak baino iraupen luzeagoa izango du. Hilabetez musikaz, antzerkiaz, dantzaz, musikaz, literaturaz eta zinemaz gozatzeko aukera izango dugu Bilbo eta Deustuko hainbat aretotan. 

Imanolen hitzetan, kultura maite duen edonork topatuko du lekua, izan ere, “gure kultura zabaltzea” baita festibalaren helburutariko bat. “Euskal kultura euskal mundutik haratago ikustarazi nahi dugu”, azpimarratu du Imanolek. Horretarako zubiak eraiki nahi dituzte: negu eta udaberriaren arteko zubia, euskaldun eta erdaldunen artekoak eta inguruko kulturen artekoak. Gauzak horrela, Ipar Amerikako folk aitzindariak, penintsulako surrealismoa, zeltiar musika edota Londreseko hip hopa, besteak beste, dira proposatutako aukera batzuk.

“Arriskuak” ere hartu dituztela aitortu digu Imanolek, batez ere ekoizpen propioak aurkeztean. Esaterako, jaialdiaren lehenengo egunean, martxoaren 7an Arriagan Mikel Martinez eta Patxo Telleriak Ez dok hiru, euskal musikaren benetako istorioa antzeztuko dute. Strip-tease ikuskizuna ere Loraldirako sortutako lana da, eta Lou Topet bandarien eskutik Pete Seegerren kantuak euskaraz entzuteko parada izango da.

Berrikuntzen artean ere, “lorazainak ditugu”, alegia, jaialdiaren laguntzaileak. Web gunean sartuz gero, dohainik, babesle izateko aukera dago eta festibalaren ikuskizunei buruzko informazio guztia jasotzeaz gain, sarreretan deskontu erakargarriak daude.

Aurreko jaialdietako erantzuna ikusita, Imanolek ez du zalantzarik, “aurten ere arrakastatsua izango da, seguru”. Berak dagoeneko, datorren urteko jaialdian du burua. Udaberria badator, beraz... goza dezagun eta emoziona gaitezen Loraldiarekin.

 

Deustuko ikastola Loraldia Eskola-n

Jaialdiaren 3. edizio honetako estreinaldietako bat Loraldia Eskola ekimena da. Urretxindorra ikastolakoekin batera, Deustuko ikastolako LH5 eta LH6ko umeek apirilaren 5ean Zuberoako Pastoralean oinarritutako ikuskizuna taularatuko dute. Campos antzokian estreinatuko dute, eta euskal mitologiaz arituko dira musika, bertsoak, dantza eta antzerkia uztartuz. Erika Urangak sortutako gida pedagogikoa izan dute sormen bidea, eta Miren Escudero irakaslearen laguntzarekin ari dira lanean. Bi taldetan banatu dira, batzuk atrezzoaz arduratu dira eta besteak interpretazioaz. Escuderoren esanetan, “hasiera ez da erraza izan, erronka handia izan da, baina ikasleak motibatuta daude, eta poliki poliki bagoaz aurrera”.