Bi protesta bateratu Sader enpresa Zorrotzatik ateratzea eskatzeko

Erabiltzailearen aurpegia zorrotza.info 2014ko mai. 15a, 08:15
Bilboko Auzokideen Elkarteak, Zorrotzako Auzo Elkarteak eta Kanala San Inazioko Auzokideen Elkarteak bi elkarretaratze bateratu deitu dituzte gaurko, Sader enpresaren leku aldatzea galdegiteko.

Bi protesta egiteko asmoa daukate bakoitza itsasadarraren albo batean; Elorrietan eta Zorrotzan. Hitzorduak arratsaldeko 19:00etan izango dira "Sader Zorrotzatik kanpo!" lelopean, eta ahalik eta jende kopuru handiena bildu nahi dute euren aldarriak oihartzuna izan dezan. Zorrotzako mobilizazioa auzoko biribilgunearen ondoko pasabide barrian izango da.

Bi deialdiekin, Saderri zein instituzioei (Eusko Jaurlaritza eta Udala), enpresa horren berehalako leku aldatzea eskatu nahi diete. Era berean, instituzioei airearen kalitatea neurtzeko kabinak ezartzea eta lortutako datuak hiritarrei luzatzea exijituko zaie beste behin.

Hondakin arriskutsuen tratamendua eta ongarrien fabrikazioa da Sader lantegiak 2008tik Zorrotzan egiten duena; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren baimenarekin. Eta Saderren lanak badu, bai, ondoriorik Zorrotzan bertan zein inguruko auzoetan. Besteak beste, usain gogorra, “pintura usaina, azetona edota lindano usaina izan dugu”; eztarriko narritadura edota zorabioak eragin ditu.