Magia nagusi Otxarkoaga eta Txurdinagan gaurtik hilaren amaierara

uriola.eus 2016ko mai. 5a, 09:26

Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak ilusionismoaren barruti bilakatuko dira gaurtik, maiatzaren 5etik aurrera, Udalak, Txurdinaga auzoko Merkatarien Elkartearekin elkarlanean, antolatzen dituen Magia Topaketen hamabigarren edizioari esker. 

Topaketak hogei mago inguru bilduko ditu, gehienak gero eta izen handiagoa lortzen ari diren Estatuko gazteak; jende guztiarentzat eskainiko dituzten ikuskizun anitzekin, tailerrekin eta hitzaldiekin, hilaren amaierara arte, hainbat kaletan eta plazatan eta Otxarkoagako Udaltegian.

Aurreko edizioetan bezala, egitarauak oreka bilatu du ikus-entzuleekin harreman zuzena bilatzen duten kanpoko ikuskizunen eta, dituzten konplexutasuna eta ikusgarritasuna direla eta baliabide tekniko gehiago eskatzen duten barruko galen artean. Horrela, Otxarkoagako Udaltegiak programazioaren ikuskizun garrantzitsuenetakoa jasoko du hilaren 20an, 'Euskadiko eta Munduko Izarren Gala Handia', hain zuzen ere.

Gala horretan Marsel Magoak, 25. Magia Kongresu Nazionalaren antolatzaileak, hartuko du parte, eta gainera aurkezle gisa ere arituko da. Berarekin batera, Eriz Magoa eta Amelie mago gazte madrildarra. Azken horrek, 2011n 'Une magikoak' nazio mailako saria eman zion ikuskizuna aurkeztuko du. Guztiak Enric Magooren aurretik arituko dira. Bartzelonako ilusionista beteranoak hiru hamarkada baino gehiago daramatza magiaren munduan. Nazioartean ezaguna da Frankenstein munstroaren pertsonaiarengatik. Pertsonaia horrekin Magiaren Munduko Txapelketa irabazi zuen Suitzan, oso zaila den espezialitatean, magia komikoan.

Kaleko ikuskizunei dagokienez, gehien itxaroten den ikuskizunetako bat, hilaren 29an topaketei amaiera emango diena izango da, eguerdiko 13:30etik aurrera, Garaiko Lorategien plazan, Mago Sunek eskainiko duen muturreko eskapismo erronka, hain zuzen ere. Euskal artista horren erronkek ikusgarritasuna gainditzen dute, eta edizio honetan erronka ur azpian egongo da. Mekanismoa xumea den arren, arrisku handikoa da, artistak urez betetako tanke batetik irtetea lortu beharko baitu, bertara lotuta eta kateatuta sartu ondoren. Ikus-entzuleak izango dira helburua lortzen duen ala ez ikusiko dutenak.

Egun horretan bertan, ikus-entzuleek Ismael Civiac aragoiarraren su ikuskizuna ere jarraitu ahal izango dute. 'Fakir insolitoa' ikuskizun ikusgarria da, eta bertan, ikus-entzuleek, su mihi handiek artistaren gorputza zelan inguratzen duten edo bere ahoan suziak zelan pizten eta itzaltzen diren ikusi ahal izango dute.

Magiaren historia

Topaketen aurtengo edizioa ostegun honetan (maiatzaren 5ean) hasiko da Otxarkoagako Udaltegian, Iurgi Sarasa ilusionista profesionalak eskainiko duen hitzaldi – emanaldiarekin. Bertan ibilbidea egingo du zentzumenak engainatuz ilusioz betetzen duen artearen historiatik. Zetaren Ibilbideko trukoak, Estatu Batuetako Mendebaldeko tahurren tranpak, eta Egiptoko magia erakutsiko dira, eta baita zenbait objektu bitxi edo antzinakoak eta gaztelaniaz idatzitako lehenengo magia liburua (XVIII. mendea) ere. Ibilbidea magiaren sekretuetatik, zaleek erraz egiteko moduko zenbait joko ere erakutsiz. 

Otxarkoagako programazio hau izango da; eszenatoki nagusia Udaltegia izango delarik: familia osoari zuzendutako 'Emozioak' ikuskizuna aurkeztuko duen Madiber (maiatzak 11), antzerkia eta magia uztartzen dituzten David Blanco eta Asier Kidam 'Mr White esan Alkazam' (hilak 18) ikuskizunarekin –euskaraz eta ingelesez–, Navarcadabra mago eta clownaren 'Muerete de Magia' show dibertigarria (maiatzaren 21ean Ugarte Plazan) eta Jon Zabalen ikuskizun berria, 'Basado en hechos reales' (hilaren 13an), ikus-entzuleen arteko bi pertsona hipnotizatuz amaituko den ilusionismo ikuskizun bitxia.

Txurdinagako programazioari dagokionez, aurten ere agertoki nagusiak Julian Gayarre Etorbideko plaza eta Garaiko Lorategien plaza izango dira. Ikusi ahal izango diren ikuskizunen artean Raul Camagüey mago kubatarraren bi ikuskizun azpimarratu behar dira (hilaren 27an). Kubako Zirku Nazionalean prestatutako mago eta ilusionista kubatarra Italian bizi izan zen zenbait urtez, eta bertan hainbat sari eta aintzatespen lortu zituen. Oso ezaguna da, kaleko artista gisa, batez ere. Auzo horretako programazioa, Dramagiaren eta Toni La Salen 'Famiglia Toronbolek' Italiatik egiten duen "bisitarekin" (maiatzak 27), Marsel Magoarekin (maiatzaren 28an), Eriz Magoarekin (28an ere), eta Santanderreko Mago Xuso artistaren emanaldiarekin (hilak 28) osatuko da. Azken hori, Santanderreko Udalarekin dagoen kultur lankidetza hitzarmenaren barruan sartzen da. Aurten, hitzarmena Arte Eszenikoen alorrean zentratuko da.

Beste alde batetik, edizio honetan baita ere, Bizkaiko Ilusionismo Elkarteko eta la Bizkaiko Magia eta Ilusionismo Elkarteko (AVI+ AMIB) zenbait artistek 'Magia Merkataritzara hurbilduz' ekimenean hartuko dute parte. Bertan, mago troupe batek Otxarkoagako (maiatzaren 10ean) eta Txurdinagako (maiatzaren 26an) zenbait leku bisitatuko ditu, bertan daudenak harrituta uzteko, euren magia trebeziekin eta jokoekin.

Magia lehiaketa

Hirugarren urtez jarraian, Magia Topaketek Zaleentzako Magia Lehiaketa antolatuko dute. 'Atera ezazu barruan daramazun magia' goiburua eramango du, eta profesional izan barik, eszenatoki baten gainean magia efektu edo trukoren bat egiteko adina ezagutza eta praktika duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek hartu ahal izango dute parte. Interesatuek, 2 eta 10 minutu arteko iraupena duen bideoa bidali beharko dute, gutxienez bi magia efektu erakutsiz, www.kulturabarrutik/magia helbidera. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea zabalik dago oraindik maiatzaren 15era arte. 

Aukeratutakoek, maiatzaren 25ean, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Bertan hiru sari emango zaizkie partaide hoberenei, Txurdinagako Merkatarien Elkartearen laguntzari esker. Gainera, aurten, ekitaldiak, iaz lehiaketaren irabazlea izan zen Camino Ibañezek ekitaldi horretarako berariaz prestatu duen emanaldia jasoko du.

 

Informazio gehiago hemen.