Solokoetxeko auzokideek elkarretaratzea egingo dute igogailuko antenak kentzea eskatzeko

uriola.eus 2014ko mai. 28a, 09:06
Auzokideek elkarretaratzeak egingo dituzte gaurtik hasita ekainaren 25era bitarteko asteazkenetan, Karmelo Ikastola-Solokoetxe BHI zein etxebizitza askoren alboan jarritako antenak kentzea exijitzeko. Gaurko protesta 19:30ean izango da igogailuaren alboan.

Auzokideak oso kezkatuta daude igogailuko teilatuan kokatuta dauden telefonia antenek helduen, gazteen eta umeen osasunean sor ditzaketen kalteengatik. Gauzak horrela gaur, asteazkena, lehenengo elkarretaratzea egingo dute antenak kentzea edota hauen indarra 0,1uw/zm2-ra jaistea eskatzeko. Protestak ekaineko asteazken guztietan egingo dituztela aurreratu dute.

Lehenego salaketa 2001ean jarri zuen bizilagun batek, aipatutako antenek udal baimenik ez zutela salatzean. 2003an Udalak 1066/2001 errege-dekretuan oinarritutako araudia ebatzi zuen, eta horren arabera, esposizioa gehienez 450uW/zm2-koa izan daiteke. 2007ko txosten batean Europako Ingurumen Agentziak, ardura-printzipioa kontutan hartuta, eremu sentiberetan 0,1uW/zm2 izatea gomendatu zuen. Gauzak horrela, auzokideek behin eta berriz salatu dute Solokoetxen egindako neurketen emaitzak "araututako mailaren gainetik" daudela, izan ere, Karmelo Ikastola-Solokoetxe Institutuaren inguruko neurketek Europak egindako gomendioak "zortzi eta hamar aldiz gainditzen dituzte". Adibidez, institutuak bataz beste 20,5uw/zm2-ko neurriak jasaten ditu jolastokian.

Elkarretaratzeak arratsaldeko 19:30ean egingo dituzte igogailuaren alboan eta besteak beste, auzokideek eta Solokoetxeko institutuko gurasoek parte hartuko dute.

[2013/09/18]Ikastetxeko erradiazioa neurtuko dute Solokoetxe BHIn

[2013/09/24]Erradiazioarekin kezka Solokoetxen

[2013/10/22]Telefonia mugikorreko antenen ordenantzaren eguneraketa eskatu du Bilduk Solokoetxen antzemandako gainesposizioagatik

[2014/01/09]Biniloa ezarriko dute Solokoetxe ikastetxean erradiazio elektromagnetikoa murrizteko