Ramon Ibarra, aktorea: “Lanbidearen egoera kezkagarria arintzea funtsezko da”

bertonaldizkaria 2015ko urt. 13a, 11:02
Argazkiak: Iñigo Azkona

Telebistan zein antzerkian ikus dezakegu Ramon Ibarra. Aurpegi ezagun bihurtu da pantaila txikian lau urte daramanetik El secreto de puente viejo telesaileko Raimundo Ulloaren pertsonaia antzezten. Bere “oasitik” hitz egin digu, besteak beste, aktore lanari buruz eta antzerki politikoari buruz.

Esku artean hainbat lan dauzkazu. Zeintzuk dira?

El secreto de puente viejo telesaila, Los justos antzezlana eta Una casa de muñecas izeneko Arriaga Antzokiaren eskoizpena. Azken hau Arriagako Gelatxoetan interpretatzen ari gara, Arriagako eszenatokian bertan, 150 ikuslerentzat. Bilboko hainbat lankideri proposatu digu Arriagak lan hau. ‘Zuk Una casa de muñecas egingo duzu’ esan zidaten eta nik baietz erantzun nien, poz handiz egingo nuela.

Zertan datza Una casa de muñecas?

Ohiko muntaia egin ordez, bestelako edukia eman nahi izan zaio. Henrik Ibsenen Una casa de muñecas muntatzen duen konpainiaren entseguen istorioa da. Bost aktorek, zuzendariak eta zuzendari laguntzaileak osatzen dugu lantaldea. Oraingoz oso ondo ari gara pasatzen eta publikoak guk bezain ondo pasatzea espero dugu. Urtarrilaren 8an Arriagan inauguratu ostean, urtarrileko asteburuetan eta otsaileko lehen asteburuan Pabellon 6en egongo gara.

Pabellon 6 aipatu duzu. Bertako kudeatzaile den Ramon Bareari Bilboko ‘ilustre’ saria eman berri dio Udalak. Esker-hitzaldian, txikia eta desberdina aldarrikatu zituen Bareak.

Artistikoki Ramon eta biok aita-semeak gara, baita beste esparru batzutan ere. Bera aita eta ni semea. Uste dut txikitasunetik eta desberdintasunetik sortu beharra dagoela, mugatik, sinestezinetik. Horiek dira sortzeko guneak. Paper bat 50 aldiz tolestu eta gero zelan tolestu ez dakizunean orduan hasiko zara sortzen, papera tolesteko modu berria asmatuko duzu. Sormena ez dagoen lekuan agertzen da, ezarritako gunean jarraipena dago, erreplika.

Zer deritzozu 2014ko abuztuan hiru urte bete dituen Deustuko Erriberako Pabellon 6 espazioari?

Gure lanbideak duen beharrizan eta burugogorkeriagatik Bilbon erreferentzia bihurtu den lekua da. Inoiz baino funtsezkoagoa dela uste dut. Hein berean erakundeek, dela Arriaga Antzokia dela beste edozelako gune instituzional, lanbidearen egoera kezkagarria arintzea funtsezkoa dela pentsatzen dut. %80 eta %90 bitarteko langabezia gure lanbidean asko da. Erakundeek beraiek ez badute babesten, finean ikuskizunak sortuz, herri honetako aktore, dantzari eta musikariek ezingo dute lan egin. Zoritxarrez, sufritzea dagokigu. Beste aukera bat autoekoizpena da. Beharrizanak bultzatutako sormena beti existituko da. Prekarietatea itzuli zaigu, eta etsai horren aurka borrokatzea da gakoa hurrengo urteetan, aspalditik kaltetua den ogibidean duintasuna eta lan baldintzak berreskuratzeko. Kaltetua izan arren, beti lortu du aurrera egitea.

Zure karreran, bi esparruetan jardun duzu, autoekoizpenean eta erakundeek nolabait babestutako antzerkian.

Nire bizitza osoa eman dut hor, batean eta bestean. Ez naiz bizimodu moduan alternatiboa izan, zerikusia izan dudan jendearekin elkartzean, sortu beharrekoa sortu dudala esango nuke. Oro har konpromiso politikoarekin egin dut, eta ez Kulturarako, ondo geratzeko edota bisoizko berokia daramaten emakumeak elkartzeko ekintza apaingarri huts bezala. Zentzu horretan, konpromisoa hartu dut, hainbat gairekin. Betidanik izan dut gustuko antzerki politikoa, kontatzen duena, arriskuak hartzen dituena. Zenbaitetan, antzerki politikoak erakundeen babesa ere jaso du, eta babesten jarraitu behar duela uste dut.

Koherentziari eustea zaila al da?

Duela hiru urte Madrilen bat egin nuen Karraka antzerki taldeko kideekin. Ni telenobela batean ari nintzen telebistan, Esther Velasco eta Loli Astoreka zarzuela batean zeuden eta Ramon Barea antzerki klasikoa egiten. 80ko hamarkadan esan izango baligute hori gertatuko zela, barrez lehertuko ginen. Denboraren joan-etorrian amore ematen duzu, belaunak hondatzen dituzu, lunbalgiak jasaten dituzu, eta printzipioak albo batera uzten dituzu. Baina, bada aurrera egin eta salbatzeko modua ere.

Antzezlan politikoen artean zein duzu kutunen?

1984an Camilo Jose Celaren El oficio de tinieblas 5 zuzendu zuen Ramon Bareak, Felipe Lozaren proposamenari erantzunez. Gehien harrotzen nauen ikuskizunetako bat da. Gasteizko nazioarteko jaialdian oihartzuna izatea lortu zuen, Baionan ere antzeztu genuen, eta benetan uste dut nazioartean oihartzun gehiago izatea lortuko zuela jarraitu izan bagenu. Baina bost konpainia ginen, egoera arraroan elkartu ginenak, ekimen historiko batean. Hor geratu zen, arrastorik utzi gabe.

Izan dira gehiago?

Bai. Karraka taldearen Ocupados esperientzia ona izan zen. Egun, bideoa ikusten dudanean oraindik orain antzez daitekeela pentsatzen dut. La Palanca Gran Cabaret ikuskizunak ez zuen merezi zuen erantzuna jaso bira moduan garatzean. El florido pensil...

El florido pensil antzezlanak askorako eman zuen.

Euskal ekoizpenak izan zituen hamabost aktoreetako bat izan nintzen. Horrezaz gain, kataluniarrek eta galiziarrek euren ekoizpenak atera zituzten. Nik estatuko bigarren biran parte hartu nuen, 500 bat antzezpen izan ziren, jarraian, esperientzia ahaztezina, kokatzen zaituen horietako lan bat. Mundu guztiak ezagutzen du El florido pensil, ziurrenik gehienek ni ikusi ez arren. Erreferentzia bat da, eta bere ondoan beste ikuskizunak ez dira existitzen. Gizartea transzenditzen duten antzezlana izan zen, Bilbao Bilbao moduan.

Bi bizitza izan zituen Bilbao Bilbao-k. Nola gogoratzen dituzu?

Lehena gertaera historikoa izan zen, Euskadin transzendentzia soziala izan zuen lehen antzezlana, konpainia independenteen ohiko publikoa urratzen zen lehen aldia. Hiru hile eman genituen Albenizen. Gero bira ezinezko batean murgildu ginen, eta esperientzia faltagatik eskuetatik ihes egin zigun. Bigarrena, aldiz, Londreseko Albert Hallen egotearen parekoa izan zen. Arriagan aritu ginen dantza talde handiarekin, zuzeneko musikarekin eta lehen aldian baino aktore gehiagorekin. Ramon Bareak argi zuen Bilbao Bilbao-ren oroitzapen kutrea aldatu beharra zegoela. Hamaika egun ahaztezin izan ziren.

Egun antzezten duzun Los justos oharkabean pasatzen den obra izan daiteke?

Albert Camusen Los justos lanaren egokitzapen bat da antzezten duguna. Berak XX. mendeko 20ko hamarkadan kokatu zuen eta gurea 1979-80 urteetan kokatuta dago. ETAko komando baten egoera kontatzen du, borroka armatuarekin jarraitu ala ez erabakitzeko testuinguruan. Funtzio gutxi eskaini ditugu biran, baina Madrileko Mataderoan eman dugun hilea erabat aberasgarria izan da. Ikusleen batezbestekoarekin enpresak dirurik ez galtzea lortu dugu, %21eko BEZarekin meritu handia da, lorpen handia, eta kritika zoragarriak izan ditugu. Tenientearen papera egiten dut nik, maite dudan pertsonaia, zinismo hutsa.

Antena 3en ikus daitekeen El secreto de puente viejo telesailak lau urte bete ditu, bost laster. Zer da zuretzat Raimundo Ulloaren papera?

Oasia da desertu erdian, eta telesaileko partaide denok horren jakitun gara. Ospe arraroa pizten du gure egunerokoan, agurtu egiten gaituzte eta argazkiak egiten dizkigute. Eta batik bat, lau urtez lan egiteko ahalmena ematen digu. Inoiz ez dut urte eta erdi baino gehiago eman ikuskizun batean eta honetan bai, gogor eusten diogu, zeren hori edo ia ezerezaren arteko hautua baita. 15 laguneko taldea gara telesailean, ezin hobeto elkar ulertzen dugu, eta ondo pasatzen jarraitzen dugu. Ez dugu elkar gorrotatzen, eta hori sekulakoa da.

Madrilen bizi eta lan egiten duzu. Zer dago Madrilen hainbeste euskaldun bertan lanean aritzeko?

Jende piloa dago zure lanbidea konpartitzen, hainbat ezagutza zabaltzen. Hori leku txikiago batean ezinezkoa litzateke. Bat egiten duzu lagun askorekin. Adolfo Fernandezekin, esaterako. Uribarrikoa da, eta 20 urte ,daramatza Madrilen bizitzen. Une honetan, galdetuz gero, esango dizut oso pozik nagoela Masustegi kaleko Javier Hernandez-Simonekin Madrilen lan egitegatik. Los justos-eko zuzendaria da. Zure gustuko lankideak aurki ditzakezu, eta hori hemen ez da beti horrela; xelebrea da. Lan eskaintza handia dago, lehia ere gogorragoa da, eta ez du hemen beste euri egiten.

Zer da Madrilen faltan duzuna?

Familia.