Santutxuko Mirentxin gidariak: “Une bereziak dira, elkartasun eta konplizitate giroa sortzen da”

bertonaldizkaria 2016ko mai. 13a, 08:36
Santutxuko Mirentxin Gidariak elkarteko kide batzuk

Espainian eta Frantzian sakabanatuta dauden euskal presoen senide eta lagunei kartzeletara joan-etorria ahalbidetzeko furgonetak gidatzen dituzte astebururo Santutxuko dozena bat lagunek. Joan den asteburukoa "azken bidaia" izatea nahi zuten, baina dispertsio politika eten ez denez, gaur gauen berriro ere ehunka kilometro egin beharko dituzte. 

Granadako kartzelara joan-etorria egiten duzue asteburutan. Zelan antolatzen zarete?

Binaka antolatzen gara gidariok. Ostiraletan hartzen dugu furgoneta tailerretik. Bertan, asterik aste ikuskatzen dituzte mekaniko boluntarioek. Gauean, 22:00etan Miribillako gasolindegian jasotzen ditugu Bilboaldeko senideak eta 23:45ean Lopidanan (Araban) gainerako senideak. Gauez egiten da bidaia. Normalean senideek lo egiten dute, atseden hartzen dute. Bi geldialdi egin ohi ditugu. 800 kilometro egin ostean, goizaldeko 6:00etan heldu ohi gara. Heltzean hotelean geratzen gara gidariok. Senideak, berriz, espetxerantz abiatzen dira.

Eta itzulera?

Larubateko 18:30ean izaten dute senideek azken bisita, hortaz 19:30 direnean irteten gara Granadatik, igande goizaldeko 4:00etan Bilbora iristeko.

Santutxuko gidariek Bilbo-Granada bidaia bakarrik egiten duzue?

Egun, bai, baina aurretiaz, urteetan, Frantziara egiten genituen joan-etorriak. Han hoteletan beharrean, mojen etxeetan egiten genuen lo.

Zelako giroa egoten da bidaietan?

Joaterakoan lo giroa. Bidaia gauez egiten denez, auto gutxi egoten dira errepidean, gehien bat kamioiak izaten dira, baina oro har trafiko handirik ez da egoten.

Izan duzue ezustekorik bidaietan?

Bai, behin kamioi batekin. Gure errailean sartu zen, eta ezusteko handia hartu genuen. Horregatik bidaietan bi gidari fresko izaten gara ez daitezen irten Euskal Herritik sei auto desberdin, istripuren bat izateko arriskua sei aldiz biderkatuz. Horrela, senideek atseden hartzeko aukera dute, gero bisita lasai egiteko. Izan ere, 40 minutu bakarrik izaten dituzte bisitetan.

Hori da Mirentxinek ematen duen zerbitzuaren funtzioa?

Beste modu batera elkartu ezingo ziren presoen senideak elkartzen ditu furgonetetan bidaia elkarrekin egiteko eta lehen bisitatik azken bisitara arteko tartea elkarrekin emateko.

Zein da bidaietako une onena?

Etxera heltzeko unea, agian. Baina une gazi-goxoa ere izaten da bueltako bidaia, zeren senideak batzutan burumakur irteten dira espetxetik euren laguna edota senidea barruan gelditzen delako.

Une bereziak ere izango dira?

Otorduak, batez ere. Ondo jaten dugu. Joaneko bidaian senideak lo egoten dira eta bueltako bidaiek beti ez du elkarrizketarako aukera ematen, baina otorduetan elkarrekin egoten gara, elkar ezagutzen dugu, barre egiten dugu eta ondo jaten dugu. Une bereziak dira, elkartasun eta konplizitate giroa sortzen da. Une politak izaten dira.

Zenbat denbora daramazue Mirentxinen furgonetak gidatzen?

Asko, 20 urte inguru. Mirentxin Aurrekoetxeak Algeciraseko espetxean zuen senarra preso, eta ez zeukan inongo modurik hura ikusten joateko. Ondorioz, gaur egun Mirentxineko gidaria den lagun batek bera laguntzeko hautua egin zuen. Auzoko Gariren osaba zen, Aitor. Hasieran bere autoarekin egiten zituen bidaiak eta aurrerago furgonetarekin. Horrela, Mirentxinen egoera arintzeko asmoz sare moduko bat osatu zen; eta Euskal Herriko beste senide eta lagunei laguntzeko asmoz, sarea zabalduz joan zen gaur egun arte. 

Zenbat boluntario zarete Mirentxin elkartean?

840 boluntario inguru gehi mekaniko boluntarioak eta dena kudeatzen duten Etxerat elkarteko kideak.

Zenbat kilometro egiten dituzue?

Hamalau kartzeletara doazen Mirentxineko bederazi furgonetek astebururo 20.000 kilometro egiten dituzte. Urtean sekulako kilometro piloa egiten dira.

Azken bidaia noiz egingo duzue?

Presorik ez dagoen egunean.

 

[2016-05-09] Elkartasun karabanaren aldarria Bilboko kaleetan zabaldu da

[2016-05-06] Mirentxin Gidariak: "Aurrekaririk gabeko elkartasun keinua antolatu dugu larunbaterako"

[2016-04-28] Sakabanaketarekin bukatzeko furgoneta martxa