Batez ere, bidaietako argazkigintza

bertonaldizkaria 2016ko aza. 15a, 12:00
Argazkia: Joshua Miravalles Gomez

Gogoan du jaunartzean oparitu zioten kamera, “arrunta, karreteduna”. 17-18 urterekin kamera digitala erosi zuen Joshua Miravalles Gomezek eta 25 urterekin reflex kamera, Canon 400D motakoa. 

Baina, “benetan”, Suediara egindako bidaia batean argazkizaletu zen. “Argazkilari bat ezagutu nuen, eta Pinhole kamera bat egin nuen argazki tailer batean. Han sortu zitzaidan argazkigintzan dudan jakingura handiena”. Neguko eta mendiko paisaiak erretratatea gustuko du. Baita  erreportaje sozialak, gaueko argazkigintza eta hiritar argazkigintza. Baina batez ere, bidaietako argazkigintza egitea gustuko du. “Arreta handiz begiratzen ditut gauza guztiak bidaiatzen dudanean”, dio. 

Joshua Miravalles Gomezen argazkiak batik bat Interneten ikus daitezke. Joshmigo  izenarekin, Instagram sarean, 500px plataforman eta bere web gunean zabaltzen ditu. Erakusketa kolektiboetan parte hartu du, eta bizpahiru salmenta egin ditu. Behin, Canon Europek bere argazki bat, Travel desires, aukeratu zuen kanpaina baterako. Une honetan erakusketa pertsonal bat antolatuta dauka, Etxebarri denboran zehar izenekoa. “Nire herrian, Etxebarrin, azkenengo 40-50 urtetako aldaketak ikusteko lan berezi bat”. Etxebarritik Norvegiara eta Eskoziara bidaiatu nahi du hurrengo, “aurora borealei argazkiak egiteko, adibidez”. 

www.jmgfoto.com

facebook.com/joshmigofotografia

instagram.com/joshmigo

500px.com/joshmigo