Alazne Lopez Etxebarria omendu dute Zorrotzako lorategi bati bere izena jarrita

uriola.eus 2016ko mai. 11a, 13:25
Argazkia: 'Alazne Lopez dance video'

Zorrotzako auzokideen elkarteak egindako eskaerari erantzunez Bilboko Udalak Alazne Lopez Etxebarria dantzari gaztea omenduko du gaur goizean, Zorrotzan lorategi bati haren izena jarriz.

Iaz ezustean eta 21 urte baino ez zituela Dortmunden (Alemanian) hil zen nazioarteko ospe handiko dantzari gaztea. Zorrotzan, Alazneren auzoan, lorategi bati haren izena jarriz omendu du Bilboko Udalak dantzaria. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, udal gobernuko kideekin batera, bisita egin dio gaur goizean, 'Alazne Lopez Etxebarria lorategia' izena izango duen esparruari, auzokideen elkarteak egindako eskaera aintzakotzat hartuz.  

Ekitaldian, haren senideak, adiskideak eta ikaskideak izan dira, gaztea jaio eta hazi zen Zorrotzako auzokideekin batera. 

Aste honetan zehar Alazne Lopez Etxebarriari buruzko erakusketa ikusgai dago Zorrotzako Auzo Etxean. 

 

Alazne Lopez Etxebarria

Igor Yebraren akademian ekin zion Alaznek balleta ikasteari. 16 urte zituela Londresera joan zen Inglaterrako Ballet Eskola Nazionalean ikasketak egitera. 2013an Alemaniara aldatu zen eta bertan, Hannoverreko Operako dantzari gisa aritu zen eta ondoren Dortmundeko balletean.

Besteak beste, 2012ko Londreseko Joko Olinpikoetan, Wayne Eagling koreografoak zuzendutako Beltxargen aintzira lanean parte hartu zuen. Frederick Ashton, Kenneth MacMillan eta Wayne McGregor koreografoen esanetara ere aritu zen Alazne dantzan.