"Behingoz" trenbidea lurperatzeko manifestazioa egingo dute auzotarrek Zorrotzan

uriola.eus 2016ko abe. 12a, 10:13
Argazkia: @DYABizkaia

"Hitz eta adierazpen hutsalek ez dutela balio" esango die Zorrotzako taldeen koordinakundeak erakundeei eta, batik bat, Bilboko Udaleko arduradunei exijituko die "Zorrotzako auzoari ekintzekin erantzuteko garaia heldu dela". Abenduaren 8an FEVEko trenbidea zeharkatzean trenak bi emakume harrapatu ostean —bat hil egin da eta besteak egoera larrian jarraitzen du—, gaur 19:00etan Azoka parketik irtengo den manifestazioan auzotarrek trenbidea lurperatzeko eskatuko dute. 

FEVEko trenbideak pasonibel bi ditu Zorrotzan. Auzoko elkarteek "hainbat hamarkada" daramate pasonibel horiek kentzeko eskatzen. Hain zuzen ere, FEVEko trenak "lurrazpitik pasa daitezen eta auzoko geltokia zabalik manten dezaten eskatzen". Horretarako —diotenez— "kalean borrokatu dugu, elkarretaratzeak egin ditugu, manifestazio zenbaezinak, sinadurak bildu ditugu, idazkiak bidali ditugu eta hainbat aldiz deitu dugu erakundeetara" bai FEVEra, bai Fomentoko Ministeriora, bai Bilboko Udalera, bai Bizkaiko Foru Aldundira, bai Bilbao Ria 2000era, bai alderdi politikoen egoitzetara.

"Premiazko, bidezko eta beharrezko aldarrikapena" dela pentsatzen dute. Geltokia lurrazpiratuz, "legea beteko litzateke". Gainera, auzoarenzat "onura nabarmenak" izango lituzke, besteak beste, "oinezko eta ibilgailuentzako arriskua murriztuko da —pasonibelak biztanleria handiko gunean kokatuta daudelako—; Zorrotza-Kastrexana errepideko pasonibela gurutzatzen duten sei autobus lineen ibilbidea normalizatuko da —atzerapen etengabeak izaten dituztelalako—; ibilgailuen ohiko auto-ilarak eta oinezkoen mugikortasun arazoak arinduko dira; lehiakorragoa den eta maiztasun gehiago duen tren garraio zerbitzua eskaini ahalko da —Zorrotzak behar duena—; auzoa mugatzen duen lubakia ezabatuko da  —irisgarritasun eta mugikortasun arazo asko konponduko dira—". 

2010eko uztailean eta irailean batzartu ziren auzotarrak FEVEko ordezkariekin, "hainbat idazki eta eskaeraren ondoren". FEVEko presidenteak pasonibelak ezabatzeko hainbat alternatiba aurkeztu zizkien, "urte batzuk arinago Bilbao Ria 2000ek egindako txosten batzuk teknikoki eguneratuz eta ekonomikoki tasatuz". Auzotarren elkarteak "berehala" antolatu zuen asanblada batean eman zuen alternatiben berri bizilagunen artean. Partaideen gehiengoa alternatiba baten alde agertu zen. "Zorrotzako goi aldean bizi diren auzotarrentzat, sarbide mekanizatu baten bidez, FEVEko geltokia hurbilduko lukeen alternatibaren alde", hain zuzen ere. Une hartan, "irtenbidea aurkituko zutela zirudien", baina "zoritxarrez" ez zen horrela izan. Auzotarren elkartearen arabera, "Zorrotzatik kanpoko kontuengatik ziurrenik, Madrileko gobernu aldaketa dela eta izen okerra duen krisi ekonomikoa dela eta".

Urteek aurrera egin ahala "arazok ez du irtenbiderik". Horregatik dio Zorrotzako auzo mugimenduak ez duela etsiko. Are gehiago, "tinko borrokan jarraitzeko prest" daude auzoaren "erdi-erditik gurutzatzen duten trenak oroitzapen txar bat baino ez diren arte".  

zorrotzaelkartea.wordpress.com

www.zorrotza.org

 

Istripua, ikerketa eta Udalaren eskaera

Bilboko Udalak "atsekabea" azaldu du, abenduaren 8an Zorrotzan gertatutako trenbideko istripuaren "zoritxarreko ondorioagatik". Trenak Bilboko auzo horretako trenbide gaineko pasagunean harrapatu zituen bi emakumeetako bat Gurutzetako Ospitalean hil da, erietxeko iturriek jakinarazi dutenez, hara eraman baitzuten istripuaren ondoren.  

Era berean, Bilboko Udala, Ertzaintzak gertatutakoaren inguruan irekia duen ikerketaren azken ondorioak ezagutzeko zain dago, eta eskaera luzatuko die berriz ere ADIFi eta Gobernu espainiarrari, "Zorrotza auzoko trenbide-zatia lurpera dezaten".