Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkarteak Bizikleta Eguna ospatuko du igandean, maiatzaren 7an, hirian bizikletaren erabilera sustatu eta hiri eredu eta higikortasun planetan bizikleta garraiobide eta aisiarako tresna bezala aintzat har dadila eskatzeko.
Euskal Museoa zinema-areto bihurtuko da, Gernikako bonbardaketa gogora ekartzeko, gertakariaren 80. urteurrenean. Gaur, Pedro Oleak zuzendutako Gernika, ahots salatzaileak (1979) film laburra ikusteko aukera izango da.
Bost astez eskainiko dituzte Deustuibarrako Pabiloi 6n antzerki pieza laburrak Antzerki Laburreko 5. jardunaldien baitan. "Aniztasuna, kalitatezko testuak eta lantalde onak" aurkituko dituzte ikusleek.
Gaurtik eta maiatzaren 12ra ospatuko dute Fant jaialdia, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 23. edizioa. Fikzio eta animaziozko 22 lan aurkeztuko dira, horietatik 11 euskal zinegileek egindakoak. Euskal Fant Laburrean atalaren barruan eskainiko dituzte gaur, 23:00etatik aurrera Campos Antzokian.
Igandera arte, Euskal Jaia ospatuko dute arangoitiarrek, 13. jaialdia. Auzoko taldeek parte hartzen eta laguntzen dute antolaketan, merkatarien laguntzarekin eta Bilboko Udalaren babesarekin. Irauten duen astean euskara ohi baino gehiago erabiltzen eta entzuten da Arangoitin, baita normalean entzuten ez den lekuetan ere, eta hori “pozgarria eta beharrezkoa” da antolatzaileentzat.