Saioa Cabañas: “Emakumeen lana ikusgai egitea da EMAROCKen helburua”

prestaldizkaria 2012ko ots. 8a, 17:30

2011 erakusketen eta bideoklipen urtea izan da San Inazio-Tellaetxeko argazkilariarentzat. Horrez gain, webgunea estreinatu du eta musika arloko emakumeak protagonista dituen EMAROCK egitasmoa jarri du abian. Proiektua isilpekoa bada ere, aurkezpena Tolosan eta maiatzean izango dela aurreratu digu.

2009ko urrian lehen elkarrizketa egin genizugunean, Flickr sare sozialean biltzen zenituen argazkiak. Orain webgunea duzu, zergatik sortu duzu gailunak.com?

Aspaldi nahi nuen webgunea sortu eta egitera ausartu nintzen Flickrarekin, Facebookarekin eta bi mila istorioekin Interneteko lengoaia ikasi dudalako.  Iazko urte hasieran, web orrialdeak egiteko era erraz eta formatu bat topatu nuen Jimdorekin eta animatu nintzen. Blokeak pixkanaka sartu ditut; hasieran diseinuari eutsi nion, txantiloa eta fondoa bilatzeari eta ondoren, zer sartu pentsatu nuen.

Zer aurki daiteke gauilunak.com-en?

Atal batzuk egin ditut: niri buruz pixka bat, nire argazkiekin atera diren gauzak (kartelak, diskoak…) bildu ditut, blog antzekoa ere badago... Baita taldeen bilatzailea dago eta jendeak lehenengo hizkia begiratuta topa ditzake. Bildumak era berean antolatuta ditut Flickren. Horrez gain, Bereziak atala osatu nahi dut, kontzertuetara doan jendeak eskatuta, haiei egindako argazkiak jartzeko. Flickr-en kontzertuenak baino ez daude. Azken batean, nire webgunea ez da ohiko argazkilarien webguneak bezalakoa, zeozer finkoa, dinamikoa baizik. Aldatzen doa astebururo argazkiak ateratzen ditudalako. Ez da book bat, ez nuen hori izatea nahi.

Zein alde dago webgunearen eta Flickreko zure bildumaren artean?

Flickren nire argazki guztiak daude. Gauilunak.com-eko argazkiak gehiagok ikusten dituzte Flickrekoak baino. Google eta bestelako bilatzaileen bidez hobeto eta errazago topatzen da webgunea; orrialde eta argazki bakoitzak bere etiketa darama Googlenen hobeto kokatzeko. Atzean inurri lan handia dago.

Teknologia berriek musika eta argazkilaritza kontsumitzeko era aldatu dute?

Bai, asko eta aldaketa hobera izan da. Irrati publikoek sustatzen duten musika ikusita, Internet alternatiba bat da talde asko ezagutzera ematen direlako. Azken urteetan, talde asko Myspaceri edo Facebookari esker ezagutu ditut. Nire argazkiekin gauza bera gertatzen da; Flickrera, Facebookera, Twitterrera argazkia igo eta jendeak ikusi eta partekatzen badu, haren lagunek ikusiko dute. Interneti esker, jendearekin hartu emana dut.

Zer da EMAROCK?

Proiektuaren helburua nagusia da orain arte egon diren eta dauden emakume guzti horiek ikusgai egitea,egindako lana erakustea, azken batean, erreferente bihurtzea eta, etorkizunera begira, neskak musika munduan sartzera animatzea.

Nola sortu zen proiektua?

Orain dela urtebete pasata bururatu zitzaidan ideia. Eibarreko Karrika tabernarako nire lehen erakusketa prestatzen nengoenean, nesken hainbat argazki nituela eta emakumeen erakusketa bat egin nezakeela konturatu nintzen. Proiektuari eutsi nionean, ordea, musika munduan hainbeste emakume ez daudela jabetu nintzen. Emakumeen hamar argazki nahi baditut, topa ditzaket. Gitarra-jotzaile bat bilatzen badut, agian bakarra dago, eta orduan bateria-jotzaileak dauden pentsatzen hasten zara… musika arloa hankamotz dago. Emakume gehienak abeslariak dira.

Nork babesten du egitasmoa?

Lantaldetxo bat dago eta ni nabil proiektua koordinatzen. Nire proiektua denona zela sentiarazteko EMAROCK Kultur Elkartea sortu genuen maiatzaldean. Denona da jende pilo ari delako parte hartzen. Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian jendea lanean dabil eta bakoitzak proiektuaren zati baten ardura du; Nafarroako lagunak diseinua, Gipuzkoako bospasei lankideek ikus-entzunezkoak eta hainbat musikariei ere etxekolanak agindu dizkiegu… Parte hartzaile nagusiak musikariak dira eta euren lana ezinbestekoa da proiektua aurrera ateratzeko eta jarraipena izateko.

Zeintzuk musikarik eman dute baiezkoa?

Proiektuaren dossier txiki bat besapean, emakume musikari guztiengana jo nuen.

Zer aurreratu dezakezu?

Askok ez dute proiektuaren beste parte horien berri, ni naiz dena dakien bakarra denontzat ezustekoa izatea nahi dudalako. Informazioa apurka-apurka emango dugu.

Ezustekoa zapuztu gabe, kontatu iezaiguzu zeozer...

EMAROCKek maiatzean ikusiko du argia ziurrenik Tolosan; musikaren ikuspuntutik, Bonberenea dela medio, oso leku esanguratsua delako.  Aurrerago jakingo duzuen egun horretan, argazki-erakusketa handi bat aurkeztuko dugu. Areto handi batean egongo da hilabete batez. Asmoa da erakusketa hori bi lekutara eramatea 2012an. Bizkaiko tokia aukeratuta dago eta musikarekin lotura handia duen herri batean izango da. Orain bigarren erakusketa hori lotzen nabil, finantziabideak bilatzen eta, urtarrilaren erdialdetik otsailera bitartean, musikariei elkarrizketak egingo dizkiogu, astebururo sei filmatuko ditugu.

Ez da lehen erakusketa izan, iaz EMAROCK emakumeak eta musika aurrerapena jarri zenuen Ondarrun.

EMAROCK aurrerapena proiektuaren parte txiki bat da eta jendeak EMAROCK hitza arrotz ez izateko baliogarria izan da. Erakusketa apiriletik azaroaren 4ra arte egon da.

EH Musik, euskal musika argazkitan erakusketa ere antolatu duzu Bergaran eta urtarrilaren 8ra arte egon da ikusgai.

Bergarako gaztetxekoek proposatu zidaten eta zeozer berezia egitea pentsatu nuen. Euskal taldeena egitea erabaki nuen, beti euskal taldeen aldeko apustua egin dudalako. 61 argazki daude eta taldeak denetik eta edozein estilokoak. Erakusketa beste lekuren batera badoa, zenbait argazki aldatuko ditut, esaterako, Bilbora badoa, Bergarako taldeen argazkien ordez, Bilboko taldeenak egongo dira. Ziurrenik otsailaren bukaeran, erakusketa 1ngo barrutian ikusteko parada izango da.

Horrez gain, erakusketa gehiago prestatu dituzu 2011n.

Iruñeko Punktxa arropa dendan beste bat dut ikusgai urritik. Lagun batzuen lagun batek denda bat ireki behar zuen eta proposamena egin zidaten. Pertsona hori musika munduan oso sartua dago eta musika taldeen materiala salgai du. Nire argazkiak hango hormetan eta erakusleihoan daude.

Vendetta eta Gose taldeen bideoklipen filmaketetan argazkiak atera dituzu. Zelakoa izan da esperientzia berri hori?

2011 erakusketen eta bideoklipen urtea izan da. Aldatzea izan da eta hori nahi nuen, asteburuak desberdin egitea. Oso urduri noa bideoklipetara ez dakidalako zer topatuko dudan, ez dakidalako zein den gidoia. Biak chroma atzean filmatu ziren eta iaz lortutako gauzetako bat chroma hori kontrolatzea izan zen, ez bainuen asmatzen argiztapenarekin eta berde horrekin. Vendettakoarekin ez nintzen gustura geratu eta Gosekoarekin lortu nuen.

Musikazuzenean.com webgunean ere zure argazkiak daude. Zergatik kolaboratzen duzu proiektu horretan?

Musika taldeak bultzatzeko ekimenetan parte hartzeko beti prest nago. Elkarlana sustatzen duen oso proiektu polita da, Euskal Herritik ateratakoa. Urrian urtebete egin zuen webguneak. Musika munduan ari den eta Garan idazten duen Koldo Otamendi Cojo proiektuarekin zebilen eta nire argazkiak uzteko prest egongo nintzen galdetu zidan. Berria eta Gara baino agenda hobea du eta hori erabiltzen dut kontzertuetara joateko. Sinpletasunean handia da.

SAKONEAN: “Kukutza edozein areto baino askoz hobea zen”

“Kukutza ez ikutu” bannerra duzu webgunean. Zelako agertokia zen Kukutza?

Kukutza bai Bizkaian eta bai Bilbon musika erreferente bat zen. Talde askok Bilbora etorri nahi bazuten, hara zen. Egun Kafe Antzokia euskal taldeentzat oso zail dago, komertzialenak daudelako. Kukutza espazio eta soinu aldetik itzela zen, zaintzen zuten eta edozein areto baino askoz hobea zen.

Zeintzuk oroitzapen dituzu?

Azken kontzertua bertan Errekaldeko jaietan izan zen, EMAROCKentzat neska talde bati argazkiak atera nizkion. Aurretik, Amaiurren azken kontzertuan izan nintzen; jendez gainezka egon zen eta oso berezia izan zen. Beti izan naiz erromeria, berbenazale eta Amaiurrek agur esan zuenean, niretzat etapa bat bukatu zen. Bi aste beranduago, Gosek jo zuen eta bete zen. Nire ustez, Kukutza belaunaldi desberdin bat lortzen ari zen, kontzertuetara joaten ziren gazte mota ezberdinak.

Testua: Amaia Ruesgas

Elkarrizketako argazki gehiago ikusteko hemen