Gizonezkoek elizaren eta erlijioaren kontu nagusiak euren buruentzat gorde bazituzten ere, antzina emakumeek ardura garrantzitsuak eduki zituzten. Besteak beste, elizen eta ermiten zaintza eta errito batzuk egiteko ahalmena. Gehiegikeria zelakoan, XVIII. mendearen akabuan debekatu zuten. Serorak edo freirak ziren. Deustuko ermitak haiek zaindu zituzten.
Serorak edo freirak esaten zieten parrokien eta ermiten ardura zeukaten emakumeei. Erdi Arotik datorren ohitura da, Baionako katedralean XIV. mendean ageri dira eta. Hala ere, agiri zaharretan arrasto gehien XVI eta XVII. mendeetan laga zuten, harik eta XVIII. mendean debekatu zituzten arte. Debekuak debeku, gure egunetara iritsi dira Gipuzkoa eta Lapurdiko herri batzuetako ermiten zaindari gisa.
Parrokietan serorek sakristauen lana egin izan zuten urte askotan: garbiketa eta txukuntze lanak, argiteria, limosnak batzea, elizako bitxiak eta ondarea jagotea, kultuko ekitaldietan laguntzea… Badirudi eginkizun garrantzitsua zeukatela hildakoen elizkizunetan zein umeen bataioetan. Ermitetan zeregin gutxiago zeukaten, jakina. Normalean ermitari atxikitako etxetxoan bizi ziren. Egunero baselizako ateak zabaldu eta itxi, garbi eta txukun eduki, santuen irudiak ondo mantendu eta gorde, erromeria egunetan laguntzaile… eta, parrokietan bezala, errito batzuk –umeak sendatzekoak, esate baterako– haien ardurapekoak ziren, abadeen esku hartze barik. Antza denez, jantzi berezia zeukaten.
Serorarako emakume alargunak hartu ohi zituzten batez ere, baina baita inoiz erlijioan sartu gura zuen neskatila gaztea ere. Leku batzuetan ordaindu egiten zieten, gutxi edo asko, ermita ondoko etxea bizilekurako uzteaz gain. Hala ere, bizimodua ateratzeko bestelako lanak egin behar izaten zituzten, askotan ehungintzarekin eta joskintzarekin lotutakoak. Limosnetako sosekin maileguak egiten ere ageri dira, leku batzuetan.
Trentoko kontzilioaren osteko eliza misoginoarentzat emakumeak elizen arduradun eta kultuan laguntzaile ikustea mingarria zen. XVI. mendean bertan hasi ziren haien kontra baina, pentsa liteke, herritarren babesak gorde zituen. Pierre Lancre inkisidore ospetsuaren aburuz, serorak sorginetan gaiztoenak ziren. XVIII. mendean azken erasoa jo zuten: haien ardurak sakristau gizonezkoen esku utzi eta praktikan estatu eklesiastikoaren barruan zeuden emakume haiek elizetatik erauzi. Hego Euskal Herrian 1769an gelditu ziren legez kanpo, Erregearen ministro Aranda kondeak emandako erret agindu baten ondorioz. Ipar Euskal Herrian gehiago iraun zuten. Edozelan be, batera zein bestera, leku batzuetan gure egunetara iritsi dira.
Deustukoak
Deustuan hiru ermita izan ziren, gutxienez. Denak galdu dira. Berrizen San Bartolome edo San Antolin, Ibarrekolandan San Migel edo San Bizente, eta Luzarran (gaur egun Deustuko Unibertsitatea dagoen alderdian) San Silbestre. Bada, hiruretan aurkitu ditugu freiren edo seroren arrastoa. Gutxienez Berrizen eta Luzarran ermitari atxikitako etxean bizi izan ziren emakume haiek.
Berrizko San Bartolomen 1671n Madalena Iturriaga zegoen freira. Ekainaren 16an Korrejidorearen aurrean azaldu zen esanez ba ze “esta mañana como a las cinco del dia abriendo las puertas de la dicha hermita se alló pegante a ellas un niño recien nacido enbuelto en una mantilla”. Horra hor, beraz, bere zereginetako bat, baselizako ateak edegi, eta zer ordutan egiten zuen, goizeko bostetan alegia. Gerora auzia iziotu zen adopziorako emandako ume hura noren ardura izango ote zen argitzeko, alegia, gastua Deustuko herriak ordaindu beharko zuen ala agustindarrek, eurena baitzen baseliza.
Ibarrako San Bizenten ere serorak izan ziren. Badakigu 1653an Maria Zabala alarguna izendatu zutela ‘freila’, “para que cuyde de la luminaria y limpieza de la dicha ermita”.
Eta Luzarrako ermitari dagokionez, 1753 eta 1754 urteetan serora zegoen. 1753an Bilboko Udaleko kargudunak bisitan agertu zirenean –San Silbestre egunean– baseliza zarratuta aurkitu zuten. Maria Antonia Garate serorari galdetu zioten eta honek azaldu zien Tristan Aboitiz ugazabaren administratzaileak meza esan eta giltza eraman zuela. Kontua da sasoi hartan auzia zegoela Bilboko Udalaren eta Luzarrako dorrearen ugazabaren artean, ermitaren gaineko eskubideak zirela medio. Hurrengo urtean auziak bere horretan segitzen zuen. Horrela, beste behin atea itxita aurkitu zuten bilbotarrek. Ermitako atea ez ezik, seroraren etxekoa ere: “Y∫ se halló cerrada la puerta de dicha hermita como así bien la de la casilla contigua que nos informamos ser de havitación del sacristán o serora que cuida de ella”.
Testua: Hektor Ortega