Kritika gogorrak Bilboko Udalaren euskararekiko jarrerari

prestaldizkaria 2012ko ots. 8a, 18:13

AEK oso haserre agertu da Bilboko Udalaren jarrerarekin, eta euskarara bideratutako laguntzetan izan den murrizketetaz gain, urteetan izan den banaketa zentzugabea salatu du. Irizpide zaharkituetan oinarritzen dela deritzo.

Bilboko AEK-ko koordinatzaileak ez du ulertzen zergatik babestu behar dituen diruz Bilboko Udaleko Euskara Sailak hainbat proiektu. Esaterako, ikastetxe batek antolatzen duen jaia –Babarrun Eguna, 900€– edota kultur talde batek burutzen dituen topaketak –Senti ezazu Magreb, 1.600€–. “Euskararekin harreman gutxi duten ekintzek daramate partida”, dio Patxi Zuluagak. “Ez dugu inoren kontra ezer ere, baina irizpideak zentzugabeak dira. Hezkuntza Sailak eta Kultura Sailak lagundu behar ditu proiektu horiek. Euskara Sailak ez du beste sailen lana egin behar. Orain 20 urte egindakoa ez da gaur egun egin beharrekoa”.

Baina bada gehiago, Zuluagak “gune ilunak” salatu baititu azken urteetako kudeaketan: “Badira diruz babestutako proiektu batzuk zenbatekorik gabe eta, gainera, 2011ko onuradunen datuak desagertu dira udalaren webgunetik”. Aurreko legegintzaldiko Euskara zingotziaren –Ana de Castro– lana egiten du, hein handian, Zuluagak erantzule: “Dena zen bere nahieraren araberakoa eta ez plan orokor batean oinarritutakoa. Benetako Euskararen Plan Orokor bat falta izan da eta asmoa, orain, egitea da”. Castrori txanda ahrtu dion Sabin Anuzitarekin “nahiko itxaropentsu” dago Bilboko AEK-ko koordinatzailea, batik bat orain arte azaldu duen “prestutasunagatik”. Nahiz eta onartzen duen erronka handia duela zinegotzi berriak egiteke: “Gauza asko aldatu behar ditu udalak”. Besteak beste, Euskara Eragileen Batzordea sortu behar du. Zuluagaren iritziz “aberasgarria” izan daiteke udalarentzat batzorde honen iritzia ezagutzea “zertan inbertitu eta nork inbertitu behar duen erabakitzeko orduan”.

Ondorioak

Behera egin dute azken urteetan udalak euskarara bideratutako laguntzek, “kristoren jaitsiera” AEKren arabera, eta ondorioz proiektu eta pertsona asko kaltetu dira: euskara ikasleak eta euskaltegiak batik bat. Zuluagak argi dio: “Bilboko Udala da hiriburuen artean laguntza eskasenak ematen dituena”. 2012ko datuek babesten dute, izan ere, udalak 2012ko aurrekontu osoaren %0,41 bideratzen du euskarara. Eta “horri, saileko langileen soldatak kenduz gero, %0,16a baino ez zaio geratzen euskararen benetako sustapenerako”.

 Testua: L.M. / Argazkiak: AEK