Manett pop-rock taldeak naturaltasun handia barreiatzen du Suburbia diskoan (Moonpalace, 2011). Produkzio handien aurrean, tupustean grabatutako kantak dira lan honen protagonistak.
Diego (gitarra eta ahotsa) eta Raul Rodriguez (baxua) anai deustuarrek eta Edu Guzman (bateria) getxotarrak 2003. urtean Manett sortu zuten. 2005ean By the railways maketa grabatu zuten eta honi esker Bilbao Hiria pop-rock lehiaketan parte hartzeko hautatuak izan ziren. Euren bigarren maketa lau urte gerago grabatu zuten baina, momentuz, ez da editatu. Mondo Sonoro aldizkariak 2009ko Euskal Herriko maketarik onena bezala kalifikatu zuen.
2011n Suburbia kaleratu zuen Manettek, Moonpalace Records donostiar zigilu diskografikoarekin. Grabazioa Ibonrg-ren (Eten, Le Noise...) eskutik izan da eta taldearen lokalean bertan zuzenean egin zen. Diegoren esanetan, entseguetan ederki pasatzen dute eta hori izan da diskoarekin transmititu nahi izan dutena. Musika tresna guztiak batera sartu ziren, ahotsak izan ezik, eta albumak dituen 10 kantetatik, hiru lehenbiziko saiakeran grabatu zituen hirukoteak. Edizioa ordenagailu batean egin zen, Linux eta software librea erabiliz.
Freskotasun puntu hori, ondo ateratzen denean, oso erakargarria izan daitekeela dio Manetteko abeslariak. Izaera amateur horrekin koherentzia mantentzearren, diskoaren formatua do it yourself! jarrerari eusten dio, ale bakoitza eskuz egin baita eta zenbatuta dator. Moonpalacek gutunazal tamainako kartoizko kutxa batean sartu du Manetten lehen diskoa eta azalean, estanpatuta, bi orein elkar musukatzen bihotz baten azpian.
Musikaren txoko txikietan mugitzen bada ere, Manettek kritika onak jaso ditu bere azken lanarekin. Manettek ez dio kritikak, onak edo txarrak, jasotzeari garrantzi handirik ematen, baina eskertzekoak direla dio Diegok: “Noski, kritika on batek pozten zaitu, batez ere aurkezten duzun lana Suburbia bezalako proposamen arriskutsua denean”. 2011ko maiatzean Lugaritz Kultur Etxean (Donostia) aurkeztu zuten Suburbia eta, ondoren, Zarautz, Arrasate, Markina eta Bilbon kontzertuak eman zituzten.
Erreferentziak eta lagunak
Diegok, Raulek eta Eduk antzeko musika estiloak maite dituzte eta horien eraginak nabariak dira euren abestietan. Musika asko kontsumitu dute eta euren musika erreferenteek ildo entziklopedikoa dute. Batez ere pop estatubatuarra izan da Manett taldearen eragin nagusia, Neil Young eta bere deribatuak bereziki. Jonathan Richman, Giant Sand edota The Kinks talde britainiarra dira euren erreferente gogokoenetariko batzuk. Erreferentzia bezainbeste lagun ditu Manettek. Euren azken diskoan hainbat lagunen kolaborazioak izan dituzte: Mursego, Carlos Beltrán (Jukebox Racket, The Boogie Punkers...), Constanza Garzon teklatuetan (Le Noise) eta Ibonrg (Eten, Le Noise...).
2012an, momentuz, kontzertu bakarra konfirmatuta du Manettek eta maiatzean izango da, Leioako EHUn. Bitartean, euren hurrengo diskoa prestatzen ari dira, produkzio aldetik aldaketak ekarriko dituena, landuagoa izango baita. Taldearen formazioa handitzekotan daude ere, proiektu landuago batean hirukotea izateak dakartzan gabeziak gainditzeko.
Testua: Jona Antolin / Argazkiak: Denaflow-Manett
Manett taldearen berri gehiago hemen