Kaleko begirada

prestaldizkaria 2012ko mar. 5a, 17:40

Euskal gatazkaren argazkiak erakusteko sortu zuen Alatz Ugaldek kalekobegiak.com. San Inazioko auzokideak pilotakada bat jaso zuen begian Kukutza hustu osteko istiluetan argazkiak ateratzen zegoenean. Harrigarria bada ere, onik atera zen.

Karga polizialen argazkiak “ikusgarrienak” izanagatik gustokoenak ditu Alatz Ugaldek: “ez naiz oso ausarta, baina argazkiak egiten ari naizenean, beldurra ahazten dut”. San Inazioko argazkilariak Kaleko Begiak izeneko bloga sortu zuen 2009an “euskal gatazkaren argazki batzuk erakusteko”. Hasierako bloga webgune bilakatu da eta, egun, begirada zabalagoa ematen du eta denetariko argazkiak aurki daitezke: “Amaiurreko prentsaurreko batekoak edo PPko mitin batenak”. Webguneak bi funtzio dituela azaldu digu: “argazkiak saltzea eta informatzea”.

Freelance gisa ari da Alatz eta hasiberri batentzat ez da erraza “komunikabideek argazki-agentziei erosten dietelako”. Dena den, sareak aukera asko eman dizkio: “ez duzu publizitaterik ordaindu behar eta Interneti esker, zenbait hedabidek argazkiak erosi dizkidate”. Hain zuzen, lehen argazkia Argia astekariak erosi zion eta Alatzek gogoratzen duenez, “Palestinaren aldeko manifestazio batekoa zen” eta “ezin nuen sinetsi”.

Liburuen osagarri

Halaber, atzerriko bi argitaletxek -Athena Editions eta Promedia Verlaq- bere lana Interneten ikusi zuten eta bi libururen azaletarako argazkiak eskatu zizkioten: Emmanuel-Pierre Guitteten Antiterrorisme clandestin, ... officeal izenburukorako, eta Ingo Niebelen Das Baskenland. Geschichte und Gegenwart eines politischen Konflikts libururako. Horiez gain, Kukutza gaztetxea: Ellos por vicio, nosotras por placer liburuan ere, Alatzen argazki bat dago. Izan ere, Errekaldeko gaztetxearen eraisketaren osteko irudi izugarriak ditu webgunean.

Periko Solabarriari esker ona

Ekitaldi berdinetan topo egiteagatik Bilbo inguruko argazkilariak ezagutzen ditu Alatzek. Lanari esker ere ezagutu zuen Periko Solabarria borrokalari nekaezina: “Periko oso ondo portatu da beti nirekin”. Horregatik, 62 argazkiz osatutako bildumatxoa oparitu zion beraren urtebetze egunean.

Terrorismoaren apologiarik ez

Kalekobegiak-en zenbait irudi guztien gustokoak ez direnez, apologiarik egiteko sinbolorik erabili ez duela dioen oharra jarri behar izan du webgunean:Foro Motosek nire aurkako salaketa kolektiboa egitea eskatu zuen terrorismoaren apologia egiten nuela argudiatuz”.

www.kalekobegiak.com