Zorrotzaurreko Mao Mao Beach diskotekako jabeek Bilboko Udalak ezarritako zigorraren aurkako helegitea jarri dute, eta auzo elkartea salatu dute diskotekaren kontra “etengabeko erasoak” bideratzen dituztela argudiatuz.
Bilboko Udalak 6 hilabetez Deustuibarrako Mao Mao Beach diskoteka itxi zuen eta jabeei 15.000 euroko isuna jarri zien edukiera bikoizteagatik 2011ko irailaren 18an burututako miaketa batean. Jabeek zigorraren aurkako helegitea jartzea erabaki dute, haien esanetan, ikuskapena “desegokia” izan zelako eta “bermeak urratu” direlako. Era berean, auzo elkartea salatu dute “diskotekaren kontrako erasoengatik”. Guzti horren aurrean Administrazioarekiko Auzitegiak hilabete eta erdi izango du argudioak aztertu eta erabaki bat hartzeko.
Helegitea ez da izan diskotekako jabeek aurrera eramandako neurri juridiko bakarra, Euskalduna Zubia auzo elkartea salatu baitute otsailaren 4an burututako protesta bategatik. Egun horretan, Deustuibarra eta Zorrotzaurreko auzokideak eta hainbat elkartetako kideak diskotekaren aurrean bateratu ziren horren behin behineko itxiera eskatzeko, eta establezimenduak auzoan eragiten dituen ondorioak irudikatzen zituzten hainbat argazki erakutsi zituzten. Era berean, diskotekarekin “nazkatuta” zeudela adierazi zuten eta 14 urtetan zehar, astebururo liskarrak sortzen direla auzoan.
Auzokideek aldarrikapena inauteriekin ere lotu dute eta “diskotekero” mozorroak nagusitu ziren Deustuibarrako aratusteetan parte hartu zuten lagun gehienen artean.