Martxo morea antolatu du Deustuko Pare! gazte talde feministak

prestaldizkaria 2012ko mar. 7a, 21:18

Leitzan burututako V. Topaketa Feministetatik itzuleran Euskal Herriko eraldatze feministaren baitan lan egiteko prestutasuna erakutsi du Deustuko Pare! gazte talde feministak martxoaren 8tik 29rako egitaraua prestatuta.

Pare!-ren oharra:

Pare! Deustuko gazte talde feministak martxo osorako egitaraua prestatu dugu. Emakume abertzaleon V. topaketetan argi geratu zaigu Euskal Herriaren aldaketak feminista izan behar duela ezinbestean: Euskal Herria, feminista izango da, edo ez da izango! Eta argi geratu zitzaigun aldaketa hori egunez egun bultzatu behar dugula feministok!

Orain, gure auzora itzuli, eta etorkizuneko Euskal Herri hori eraikitzeko lanari ekin behar diogu berriz! Eta indartuta itzuli garen martxo honetan, egitarau indartsua osatu nahi dugu.

Hilabete berezia izango da martxoa emakume deustuarrontzat: jaiak, eurekin datozen lan eta zoritxarrez urtero errepikatzen diren eraso ezberdinekin; emakumeon lanaren prekarizazioa inoiz baino nabariagoa den une batean datorren martxoaren 8a; etengabeko murrizketak; sektore zapalduenen artean gaituen sistemaren krisi ekonomikoa eta bere ondoriozko lan erreformak, eta inoiz baino indartsuago aurrera atera behar dugun greba orokor bat…

Presentzia eta erantzun feminista indartsua eta nabarmena izan behar da, eta martxo osorako prestatu dugun egitarauak gure ekarpena izan nahi du zentzu horretan! Baina hau ez da hilabeteko kontua! Bihur ditzagun urteko hilabete guztiak moreak!