Deustuko jaiak ostiralean hasiko dira

prestaldizkaria 2012ko mar. 12a, 10:27

Martxoaren 16an (ostirala), 20:00ean, Done Petri plazan, emango zaie hasiera 2012ko Deustuko jaiei pregoiarekin eta txupinazoarekin. Hona Jai Batzordearen agurra aurtengo jaiei begira:

Urtero bezala hemen daude San Jose jaiak. Ahalegin handia egin dugu jaiak ospatzeko eta guzti guztietako jarduera desberdinak antolatzeko. Modu ederrean eta parte-hartzailean, herrikoia eta Deustu osora heltzen saiatzen gara, bizilagun guztientzako Inauteri, Olentzero eta Mari domingi jaiekin egiten dugun moduan.

Hala ere, ez da guztia poza eta umorea; izan ere, Deustuko Jai Batzordeak auzoko beste eragile batzuekin batera, jaiak antolatzen ditugu udaleko diru-laguntzarik gabe. Are gehiago, salatu nahi dugu beste ekintza batzuetarako udalak dirutza bideratzen duen bitartean, erregeetako kabalgata edota Espainiako itzuliarentzat adibidez, auzoetako jaiei, burokraziarako zeregin handiaren ondorioz, huskeria baino ez du bideratzen, komunak ordaimntzeko beste ez dena. Hala eta guztiz ere, hau ez da gure kexarik handiena, printzipioengatik kexatzen gara udalak gero eta oztopo gehiago jartzen dituelako herriko jaiak ospatzerakoan.

Oztopoak izan arren, ez gara geldituko. Aurrera jarraituko dugu, deustuarrok merezi ditugun jaiak ospatzeko. Jai Batzordea osatzen dugun talde desberdinek dantzatzera, hitz egitera, abestera, bertsotan aritzera, barre egitera eta jende desberdina ezagutzera gonbidatzen zaituztegu; baita eraso sexista, xenofoboak eta deustuarren kontra kalte egiten duena kritikatu eta salatzera ere.

Kalean eta txosnetan elkartuko gara!!! Gora Deustuko jaiak!!!

Deustuko Jai Batzordea