Imajinazioz beteriko animaziozko pelikula honek zonbi, sorginak eta gaueko beste pertsonaia bitxien abenturak aurkezten dizkigu. Goya sarietan 10 hautagaitza eskuratu zituen eta Xixoneko Nazioarteko Zinemaldian Enfants Terribles saria irabazi zuen. Filmaren ekoizpen zuzendaria Alberto Gerrikabeitia deustuarra izan da.
Edozein film onen atzetik istorio on bat aurkituko dugu, halabeharrez. Aurrekontua txikia bada ere ekoizpen bikainak egin daitezke eta horren erakusle dugu Aita, zonbia naiz animaziozko filma. Ricardo Ramonek eta Joan Espinachek zuzendutako luzemetraiak Dixie neskato gotikoaren abentura kontatzen du. 13 urteko nerabeak ikastetxeko gazte guztien txantxak jasan behar ditu bere estetika iluna dela eta. Baina benetako iluntasuna barnetik darama Dixiek: bere gurasoak dibortziatu egin dira eta bere lagun mina zena maite duen mutilaren besoetan aurkituko du. Gorroto duen errealitatetik ihes egitera bultzatuta, istripu hilgarri bat gertatzen zaio eta ordutik aurrera, zonbi bihurtuta, Dixie bizitzara bueltatzeko eta bere barneko deabruak akabatzeko abenturan murgilduko da, izaki bitxi batzuen eta Azoth amuletoaren laguntzaz.
Filmaren giro iluna erabat aproposa da kontatzen zaigun istorioarentzat. Alor formalean Tim Burton zuzendari estatubatuarraren eragina somatu daiteke eta agerikoa da alde artistikoan egin den lan bikaina. Deustuko Alberto Gerrikabeitia ekoizpen zuzendariak diseinu prozesua “luzea” izan dela dio eta bide horretan “erreferentzia asko” izan dituztela buruan. Gerrikabeitiaren esanetan Tim Burtonen estetika “oso ondo moldatzen da filmaren gidoiarekin”. Aita, zonbia naiz luzemetraia Bilbo eta Bartzelona artean ekoitzi da, Abra Producciones eta Digital Dreams Films produkzio-etxeen eskutik. Produkzio prozesuaren banaketak zailtasunak sortu zituen hasieran, ezaugarri teknikoak zehazteko orduan batez ere. Hain zuzen ere, Bilbo eta Bartzelonako software eta ordenagailuak ezberdinak ziren, baina Internet eta teknologia berriei esker, proiektua bide onera eraman ahal izan dute.
Gerrikabeitiaren aburuz, txikia bada ere, “pauso bat gehiago” eman dute Euskal Herriko animaziozko filmagintzan. Izan ere, oso zaila da zinearen munduan lekua hartzea, “industriako erraldoiak aurrez-aurre daudelarik”. Euskal animazioan artista eta langile bikainek dihardute lanean, baina proiektu asko ez dira aurrera ateratzen. Gauzak horrela, mirestekoa da aurrekontu gutxiko lan honek lortu duen guztia. Aita, zonbia naiz filmak 10 hautagaitza jaso zituen Goya sarietan, horien artean Alberto Gerrikabeitiarena, hots, ekoizpen zuzendaritza onena. Goyaren estatuatxorik gabe bueltatu diren arren, han egotea saria izan da berez. Xixoneko Nazioarteko Zinemaldian, Animazioko Film Onenaren saria eskuratu zuen (Enfants Terribles saria), haurrek bozkatutako saria, hain zuzen. “Xixonen gertutik sentitu genuen filmaren arrakasta: pelikula ikusten ari ziren 1.000 umek isilik eta geldirik iraun zuten pelikula osoan. Izugarri gustatu zitzaien eta gure filma bozkatu zuten irabazle”, dio Gerrikabeitiak. Filma lau hizkuntzatan atera da (euskara, katalana, gaztelania eta ingelesa) eta horri esker nazioarteko festibaletan zein merkatuan mugitu ahal izan dute. Kalitatezko lan duina egin dute eta soilik Hollywoodeko animaziozko erdi mailako produkzio batek duen aurrekontuaren %4rekin.
Zonbi gehiagoren zain
Aita, zonbia naiz luzemetraiaren harrera ona ikusita, Abra Producciones eta Digital Dreams Filmseko lagunak pelikularen jarraipena prestatzen hasi dira. Momentu honetan diru-laguntzen konfirmazioaren zain daude eta, bitartean, beste proiekturen bat eskuetan duela aipatzen du Alberto Gerrikabeitiak: Nemekitepá fikziozko luzemetraia. Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendutako azken lan hau Bilbon filmatu da ia bere osotasunean eta Abra Produccionesen euskaraz grabatutako lehen pelikula da. Protagonisten artean aurpegi ezagunak ikusiko ditugu, Gorka Otxoa eta Barbara Goenaga, besteak beste. Jacques Brel abeslari frantsesaren kanta famatuan oinarritutako izenburua daraman amodiozko komedia hau 2012an estreinatuko da.
Testua: Jon Antolin