XX. mendeko lehen erdiko prentsa arakatu dugu Deustuko San Jose jaiak zertan ziren jakiteko. Emaitzek ez gaituzte harritu. Gaur bezala orduan ere lehenengo ‘erromeria’ izaten zen eta, hortaz, jendetza handiak batzen ziren Deustuan. Bildotsen kaltetan.
Egiari zor, ez dakigu Deustuko San Jose jaien sorreraren arrazoia. XVIII. mendeko agirietan behintzat ez da azaldu erromeria horren berririk eta gure herrian ez zen izan San Joseri eskainitako eliza edo ermitarik. Itxura baten, XIX. mendean jaiotako ohitura dugu. XX. mendearen lehenengo erdialdean itzal handiko jaiak ziren.
Sasoi hartako prentsa apur bat arakatuta, jai horien gaineko jakingarriak aurkitu ditugu. 1906ko martxoaren 20ko prentsan ohar laburra azaldu zen: “Deustuan denboraldiko lehenengo erromeria egin dute. Jendetza ikaragarriak batu dira bertan, azkenaldiko udaberri giroko eguraldi epelak lagunduta”. Horra hor Deustuko San Jose erromeriaren hiru ezaugarri batera: egundoko jendetza etortzen zen Deustura, Bilbo aldeko lehenengo erromeria garrantzitsua zen eta udaberri giroa lagun izaten zuen. 1910ko oharra antzerakoa zen: “Deustuan ohiko San Jose erromeria ospatu dute, jende askorekin”. Baina orduan noiz ospatzen zen ere zehaztu zuen: martxoaren 18an egiten zen Deustuko erromeria, “San Jose bezpera delako”.
Urtebete geroagoko prentsan, ostera, gertakizunen atalean agertu zen Deustuko erromeria: “Atzo Deustuko San Jose erromerian egon eta gero Bilbora itzultzen zen mutil gazte koadrila bat beste batekin egin zuen topo. Gona kontuak zirela eta, haserretuta zeuden talde biak. Lehenengo elkarri irainka hasi ziren baina laster ekin zieten ukabilei”. Borrokaldiaren ondorioz gazte bat larri zaurituta utzi zuten. “Polizia ikertzen ari da”, esaldiarekin amaitzen zen kronika. Beste egunkari batek zehaztu zuenez, hamabost urteko mutila zen kalte gehien hartu zuena eta ukabilez barik arma zuriz eraso zioten. Labaiaz zauri bi egin zizkioten lepoan.
1920ko kronika laburra, ostera, aurreko gehienak bezalakoxea izan zen: Deustuan San Joseren erromeria egin dute, egundoko jendetzarekin eta istilu barik.
1935ko jaiak
Cronica aldizkariak Benjamin Nuñez Bravok sinatutako erreportajea argitaratu zuen 1935eko martxoan Deustuko San Jose erromeriaren gainean. Testua irakurrita argi dago orduan jaiaren epizentroa herriko plaza zela, “tradizioz beterik eta desagertzeko zorian dagoen plaza”, etorbide berria (gaur egungo Agirre Lehendakaria) egin behar zutelako. “Baina mehatxua gauzatu bitartean –eta luze joko du, Bilbok antzina-antzinatik dituen hamaika proiektuek bezalaxe-, plazako behegainak ondo baino hobeto betetzen du gazteen zapatak urratzeko eginkizuna, musikaren doinuei jarraituz”.
Nuñezek idatzi zuenaren arabera, Deustuko San Josek ondo baliatzen zuen udaberriaren gertutasuna. Ausartenek txakolindegietako mahasti biluzien azpian jaten zituzten patata tortilak, lehenengoz. Neskatan eta mutiletan egiteko plaza ona ei zen erromeria hori –1911ko labankadak gorabehera- eta erroskilen, txurroen eta abarketa zurien aroa orduantxe hasten zen.
Zerbaiten falta igarri zuen, ostera, kronikagileak. Hirigintza hazkundeak zati bat kendua zion Deustuko frontoiari “eta pilotaleku sintetikoa bilakatu du, ezinbestekoa besterik ez daukana: horma bi, marrak eta sare metalikoa goialdean”. Mende erdi lehenagoko partidu mitikoak gogoan zituzten, baina ez ziren inoiz itzuliko.
Jakina denez, arkumea jateko ohitura zegoen orduan Deustuko San Jose erromerian. Horregatik idatzi zuen Nuñezek “txarto pasatzen duen bakarra bildotsa” zela, “errurik ez daukan bakarra”.
Testua: H.O.