Gure azken aldizkarian (PREST! 123) Deustualdeko herritarrei honako galdera hau egin diegu. Erantzunak ezagutu nahi?
Bilboko udalbatzarrak dendek 7 igande eta jaiegunetan zabaltzeko eskubidea onartu du. Zer deritzozu?
Sara – Arangoiti
Lan askotan domeketan beharrera joan behar da. Zergatik ez dendetan? Bestalde, lan baldintzak hobetu beharko lirateke, denda txikiek dituzten arazoak bestelakoak direlako.
Amaia – Deustu
Oso gaizki iruditzen zait. Izan ere, Gobernuaren eskutik datorren azken lan erreforma honek, beti bezala, euren onurako izango da, langileen eskubideak zapalduz.
Irantzu – Deustu
Onartezina da. Langileen gutxieneko eskubideak onartzen ez direlako, eta honen bidez kontsumismoa areagotu nahi dutelako.
Asier – San Inazio
Ez zait gustatzen. Multinazionalak bakarrik aprobetxatuko dira honetaz. Txikiei ordutegiari eustea zail egingo zaie langileak esplotatu gabe.
Ivan – Deustu
Ez dut uste behar dugunik eta atsedena ere beharrezkoa da. Garai batean, domekan bezperako ogia jaten genuen eta ez ginen gosez hiltzen!
Iban – Deustu
Oso txarto iruditzen zait. Zara eta horrelako kate handientzako onuragarria izango da, baina denda txikiei eta langileei kalte handia egingo die. Jaungoikoak ere egun batean jai hartu zuen!