Euskararen erabilera datuak aztergai udako ikastaroetan

prestaldizkaria 2012ko api. 3a, 13:05

Soziolinguistika Klusterrak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzaz, ikastaroa antolatu du EHUko XXXI. Uda Ikastaroetan. “Euskararen erabileraren bilkaera, egoera eta norabidea datuen argitan” izenburupean uztailaren 16 eta 17an izango da ikastaroa Miramar jauregian. 

Euskarak bere lurralde osoan une honetan duen egoeraz arduratzen diren bi ikerketa kuantitatibo nagusiak 2011ko datuekin osatu berri dira. Une egokia da emaitzen aurrean jarri eta ondorioak ateratzeko. Ariketa hau ikuspegi ezberdinak dituen jende ugariren artean egiten bada, are emankorragoa izan liteke. Honengatik guztiagatik, ondorego helburuekin antolatu da ikastaroa:

  • Inkesta Soziolinguistikoa eta Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketaren emaitza nagusiak aurkeztea
  • Pertsona eta eragile erreferentzialek datuez egiten duten irakurketa zabaltzea.
  • Euskararen erabileraren bilakaera, egoera eta norabideaz hausnarketa eta sustatzea.

Egitaraua: bi ikerketen arduradunak, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa ongi ezagutzen duten ikerlariak, Katalunian antzeko zereginetan dabilen gonbidatua eta euskararen aldeko mugimenduko kideak izango dira hizlari, bi egunetan. Egitarau zehatza kontsultagaia dago webgunean.

Matrikulazioa: ikastaroetan matrikulatzeko epea maiatzaren 2an zabalduko da.

Bekak: apirilaren 23a arte, beka eskaera egiteko aukera dago. Horretarako, eskaera-orria bete eta ondorengo helbideetako batera bidali behar da: Uda Ikastaroen Idazkaritza- 1042 Postakutxa 20080 Donostia edo udaikastaroak@ehu.es

Prezioak: maiatzaren 2tik 31ra arte: 55€. Ekainaren 1etik aurrera 66€. Beka bidez %50erainoko deskontua eskura liteke.