Juan de Antxeta kaleko eraberritze lanen azken fasea lizitatu da

prestaldizkaria 2012ko api. 3a, 13:29

Onartu berria den Auzokide Plana abian jarri denetik, Juan de Antxeta kalean bizi direnek ingurune zeharo bestelakoa dute duela zenbait urtekoarekin alderatuta, Udala kalea berritzen ari baita faseka. Azken urteotan Asturias kaletik Txakolin kalerako tartea konpondu du. Aste honetan, berriz, Udalak lizitaziora atera du azken faseko hobekuntza-lanen proiektua, alegia, Asturias kaletik kalearen amaierara artekoa. Fase horrekin amaituko dira Juan Antxeta kalea eraberritzeko lanak.

Fase guztietako inbertsioa 6.000.000 eurotik gorakoa da. Azken fase honen lizitazioaren prezioa, berriz, milioi bat eurokoa, gutxi gorabehera.

Juan Antxeta kaleko 14, 15 eta 16. zenbakietako eraberritze-lanetan Asturias eta Catalunya kaleen arteko tartea urbanizatuko da, gaur egun han dagoen barrera kenduta eta kalearen beste tarteekin lotuta; horrela, atzealdea, anbulantziak eta suhiltzaileen ibilgailuak sartzeko moduko kalea izango da.

Juan Antxeta kalea, Asturias eta Catalunya kaleen arteko tartean, Orixe kaleko etxeen atzealdea da. Hango espaloiak 2,5-3 metro zabalekoak dira, baina neurri hori aldatu egiten da tarte batzuetan. Asturias kaletik hurbileneko aldean, ostera, ez dago espaloirik eta lurrazala etxeari lotuta dago.

Azaldutakoaren ondorioz, larrialdietako ibilgailuak ezin dira sartu. Hartara, ezinbestekoa da urbanizazio-lanak  egitea, kale-tarte hori zabaltzeko eta ibilgailuak sartu ahal izan daitezen, kaleko beste tarte batzuetan egin den legez. Horretarako, han dauden hormak eta egiturak botako dira, espaloia zabaltzeko eta aurreko ezpondaren eustorma berriak altxatzeko.

Lan horiekin, ibilgailuen hara-honakoen arazoa konpondu ez eze, auzotarrek paseatzeko eta atsedena hartzeko duten espazioa ere zabaldu egin da, lehengo trenbide zaharrak horretarako egokitu dira eta. Halandaze, orain ibilgailuak, batez ere larrialdietakoak, sartu ahal dira eta ezponda etxeetatik urrunago dagoenez, bista hobeak eta argitasun handiagoa dute etxe horietan bizi direnek.

Urbanizazioarekin batera, ur, saneamendu eta argien zerbitzua eta landaretza berrituko dira. Argi gehiago ere jarriko dira kale osoan egin den bezala.

Argazkia: Oskar Martinez