Bilboko Udalak Elorrieta erriberako azken etxebizitza-blokearen inguruak hobetuko ditu, auzokoek eta udalak adostutako proiektuaren bidez. Beste alde batetik, Juan Antxeta kalea eraberritzeko azken faseari ekingo dio, hau ere auzokide planaren barruan.
Jarduketa garrantzitsu bi burutuko ditu 1. barrutian Bilboko Udalak, barrutia atseginagoa eta irisgarriagoa egiteko. Proiektu biak Auzokide Planaren barruan daude eta herritarrek parte hartzeko aukera izan dute, Barrutiko Kontseiluaren bitartez. Era horretan, uriko auzoetako biztanleen bizimoduaren kalitatea eta bizitzeko baldintzak hobetzearen alde egiten jarraitzen du Bilboko Udalak.
Elorrieta Erriberaren inguruak
Udalak Elorrieta Erriberaren ingurua, 17 eta 21 zenbakien arteko tartea, urbanizatuko du. Proiektua auzokoen eta Udalaren artean adostu dute, Auzokide Planaren barruan eta irisgarritasunari eta segurtasunari eman zaie lehentasuna.
Horretarako, Elorrieta Erriberaren inguruko espaloiak konponduko dira, irisgarritasuna hobetzeko. Gainera, irtenguneak jarri eta ondoko kaleetarako loturak hobetuko dira, segurtasuna handitze aldera.
Beste alde batetik, uren hornidura-sarea hobetuko da: hodi berriak jarriko dira eta hustubideak espaloiaren ertzari egokituko zaizkio.
Udalak goitik behera berrituko ditu inguru horretako argiak, daudenak hobetuz eta eragingarritasun energetikoaren aldeko neurriak hartuz.
Gainera, kale honen eta eraikinen atzealdearen arteko lotura hobetu egingo da; eskailera egingo da esku-baranda eta guzti, betiere segurtasuna eta irisgarritasuna helburu.
Auzokoek behin eta berriro eskatu dute ingurua konpontzeko. Lau hilabete inguru beharko dituzte lanok amaitzeko. 500.000 euroko gastua izango da.
Juan Antxeta kaleko azken tartea
Beste alde batetik, hau ere Auzokide Planaren barruan, Udalak Juan Antxeta eraberritzeko azken faseari ekingo dio. Horrela, Asturias kaletik Txakolin kalerako tartea konpondu ondoren, orain Asturias eta Catalunya kaleen arteko tartea konpontzen hasiko dira.
Hain zuzen ere, gaur egun tarte horretan dagoen barrera kendu eta kalearen beste tarteekin lotuz, anbulantziak eta suhiltzaileen ibilgailuak atzealdera sartzeko modua izango dute.
Juan Antxeta kalea, Asturias eta Catalunya kaleen arteko tartean, Orixe kaleko etxeen atzealdea da. Hango espaloiak 2,5-3 metro zabal dira, baina neurri hori aldatu egiten da tarte batzuetan. Asturias kaletik hurbileneko aldean, ostera, ez dago espaloirik eta lurrazala etxearen kontra dago.
Azaldutakoaren ondorioz, larrialdietako ibilgailuak ezin dira sartu. Hartara, ezinbestekoa da urbanizazio-lanak egitea, kale-tarte hori zabaltzeko eta ibilgailuak sartu ahal izan daitezen, kaleko beste tarte batzuetan egin den legez. Horretarako, han dauden hormak eta egiturak botako dira, espaloia zabaltzeko eta aurreko ezpondako eustorma berriak altxatzeko.
Lan horiekin, ibilgailuen hara-honakoen arazoa konpondu ez eze, auzotarrek paseatzeko eta atsedena hartzeko duten espazioa ere zabaldu egin da, lehengo trenbide zaharrak horretarako egokitu dira eta. Halandaze, orain ibilgailuak, batez ere larrialdietakoak, sartu ahal dira eta ezponda etxeetatik urrunago dagoenez, bista hobeak eta argitasun handiagoa dute etxe horietan bizi direnek.
Urbanizazioarekin batera, ur, saneamendu eta argien zerbitzua eta landaretza berrituko dira. Argi gehiago ere jarriko dira kale osoan egin den bezala.
Zazpi hilabete beharko dira lan horiek egiteko eta inbertsioa, gutxi gorabehera, milioi bat eurokoa izango da.