Deustuko Greba Asanbladaren komunikatua atzoko atxiloketen harira

prestaldizkaria 2012ko eka. 20a, 16:30

Hiru gazte atxilotu zituen atzo Ertzaintzak Deustualdean martxoaren 29ko greba orokor eguneko istiluetan parte hartzea egotzita. Denak behin-behinean aske daude. Gaur, Deustuko Greba Asanbladak idazki hau helerazi digu.

Atzo, Ertzaintzak, gure auzoko hiru gazte, Urtzi Martinez, Jon Telletxea eta Irantzu Yaldebere eta Indautxuko beste gazte bat, Aitor Fernandez, atxilotu zituen. Jada denak behin behineko askatasunean badaude ere, pasaden martxoaren 29ko greba orokorrean Ertzaintzari eraso egitea, desordena publikoak eragitea eta istiluetan parte hartzea egotzi diete.

Urtzi, Jon eta Irantzu gazte ezagunak dira gure auzoan hainbat eremuetan duten inplikazioagatik: jai batzordea, gazte asanblada… bai eta gure herriarentzat beste sistema sozio-ekonomiko baten alde lan egiteagatik. Eta gurekin elkarlanean aritu ziren grebaren prestaketan, noski.

Gure kideei leporatzen dizkieten akusazioen aurrean, gure irakurketa argia da: muntai polizial baten aurrean gaude. Iruñean ikusi dugun bezala, atxiloketa eta akusazio mediatikoak besterik ez dira, inolako frogarik gabe burutuak.

Agerikoa da ez direla desordenak edo erasoak zigortzen ari, baizik eta beste eredu sozio-ekonomiko baten aldeko borroka eta konpromezua. Kolpe errepresibo honek, beste batzuk bezala, desaktibazioa du helburu. Langile eta herri mugimenduak murrizketa, erreforma, erreskate… eremu guztietan pairatzen ari garen erasoaren kontrako erantzunaren desaktibazioa alegia.

Ezin dugu herri honetako gazteriaren etengabeko kriminalizazioa onartu. Badakite herri honen etorkizuna direla eta euren konpromezuarekin beharrezkoa den aldaketa sozialaren motorea izango diren beldur dira. Desmobilizazioa, beldurtzea, arreta desbideratzea… bilatzen dute, herri oso bat sistema honen kontra dutela ikusi dutelako. Baina ez dute lortuko.

Errepresio ororen gainetik, ozen esan nahi dugu egunero lapurtzen ari diguten etorkizunaren aldeko borrokan lanean jarraitzeko gure konpromezua berresten dugula. Eta gure kide diren Urtzi, Jon, Irantzu eta Aitorrekin egingo dugula.

Muntai polizialik ez! Errepresiorik ez! Beste politika ekonomiko eta soziala orain!

DEUSTUKO GREBA ASANBLADA

2012ko Ekainaren 20an