Astialdiko hezitzaileak trebatzeko matrikulazioa zabalik Urtxintxa Eskolan

prestaldizkaria 2012ko ira. 4a, 10:14

Bizkaiko Urtxintxa Eskolak 2012-13 ikasturterako ikastaro ugari antolatu ditu, aisialdiko formazioan eta jendartearen eraldaketan eragiteko asmoz. 25 urteko ibilbidea eginda, ohiko eskaintzarekin eta proposamen berriekin dator. Matrikulazio epea irailaren 1etik 30era izango da.

Gazte zein heldu, hezkuntza formal eta ez formalaren munduan agente aktiboak diren horiei zuzendutako ikastaroak dira guztiak.

Astialdiko Begirale eta Zuzendari Ikastaroak arrakastaz

Zalantzarik gabe hauek dira eskari gehien duten ikastaroak. 18 eta 21 urtez gorakoek aisialdian edo hezkuntza ez formalean lan egiteko aukera dute titulazio ofizial hauekin batera. Bataz beste, 400 ikasle aritzen dira urtero Bizkaiko Urtxintxa Eskolarekin trebatzen, eta euskarazko formazioa eskaintzeaz gain, aukera berdintasunean, kulturartekotasunean eta balio hezitzaileetan oinarrituriko heziketa jasotzen dute.

Ikusi spota urtxintxaeskola.org-n!!

Hezkidetzan Aditua, 5 hilabeteko iraupena duen ikastaro trinkoa da. Hainbat urtez belaunaldi ezberdinak parekidetasunerako hezi dituen prestakuntza ikastaroa. Aurten, gaian sakondu nahi duenak ere izango du aukera. Horretarako, ikastaro zehatzak antolatuko dira urtean zehar gai ezberdinak jorratzeko: espazioak, psikomotrizitatea… Kulturarteko Hezkuntzan Aditua eta Heziketa Premia Bereziak Astialdian ikastaroak, urrian hasi eta abendura arte luzatuko dira.

Jendarte Kultur Dinamizatzaile ikastaroa dinamizatzaileen jardueraren kalitatea eta lana ezagutzera eta hobetzera bideratuta dago. Norbere elkarte, enpresa edo erakundearen dinamikari astindu bat emateko tresnak proposatzen dira bertan. Astialdiko Begirale eta Zuzendari ikastaroekin batera, azken hau ere, Eusko Jaurlaritzak luzatutako Titulazio Ofizialen artean dago.

Parte-hartzea bultzatzeko teknikak, etorkizunerako tresna

Partaidetza, norbere izaeraren eraikuntzan ezinbesteko ezaugarria dugu, eta modu berean, jendarte eraldaketarako eta herri bat eraikitzeari begira, oinarrizko tresna da. Horregatik, Urtxintxa Eskolan leku berezia egin nahi izan diogu gure trebakuntza eskaintzan. Zabalbide 26, behea 48006 Santutxu – Bilbo · Tel.:94 432 04 45 · www.urtxintxaeskola.org · urtxintxa@urtxintxaeskola.org

Aurten, 30 orduko iraupena izango duen ikastaroa izango da urritik azarora. Astelehen eta asteazken arratsaldez parte hartzeko moduak, dinamikak eta eduki filosofiko eta teorikoak aztertuko direlarik. Elkarteetako kideei edota parte-hartzean oinarritutako metodologiak ezagutu nahi dituen orori zuzenduta dago.

Ikastaro osagarriak trebakuntza zehatzerako

Denbora urriagoa dutenek ere badute ikastaro laburragoak egiteko aukera. Urritik ekainera bitartean iraupen laburreko ikastaroetan parte hartzeko aukera ematen baitu Urtxintxa Eskolak.

Aurtengoan honakoak aurkeztu ditu: Feminismoak historian zehar, Kulturartean igeri egin nahi dut!,Kontu kontari bizitzaren hari, Gorputz adierazpena: harreman eta komunikazio bide bat, Emakume etorkinak: bazterketa bikoitza, eta nola hitz egin sexualitateaz haur eta gaztetxoekin.