Deustuko Ogena, toponimia, ontzigintza eta borroka

prestaldizkaria 2012ko urr. 3a, 10:58

Inoiz argitaratu dugu Deustuan ogena zeri esaten zioten, hala toponimo gisa nola euskarazko sustantibo gisa. Oraingoan, XVI-XVII. mendeko agiriak eskutan, eremu horretako mugak eta eragin zituen auziak dakartzagu.

1608-09 urteetan auzitegietan ibili zen Deustuko Ogenaren jabetza. Gaur egun gutxik jakingo dute Deustuko planoan leku hori non ipini, baina orduan garrantzi handiko tokia zen. Horregatik auzi horietan Deustuko herria eta jauntxorik garrantzitsuenak azaldu ziren.

Deustuan ogena esanez gero, modu bitara hartu ahal zen. Alde batetik, euskarazko berba, sustantiboa. Ihitza izendatzen zuen, zingiretan eta ur bazterretan hazten den landare horretako multzoa alegia. Horietako asko lehortu eta nekazaritzarako baliatu zituzten. Orduan, herriak alokairuan ematen zituen eta erdarazko agirietan ere ogena izenarekin aipatu zituzten, “vega” edo “junquera” hitzen ordain gisa.

Bestetik, toponimoa, leku-izena ere bazen. Ogena maiuskulaz. Agiri batzuetan Deustuko ibaiertz osoari (edo gehienari) esateko erabili zuten, erdarazko ‘ribera’ren parekoa, baina berez eremu zehatzagoa ei zen. Ogenaren jabetza (jabetzak, esan beharko, ugazaba bat baino gehiago zegoelako) ebatzi aldera, 1609an eremuaren mugak zehaztu zituzten, aurrean Valladolideko Real Chancilleríako epailea zegoela. Ondoko hauek ziren: batetik, Basabeko dorretxetik Ibaizabalera jaisten zen errekatxoak banatzen zuen Olabeaga (Deustuko Erribera) eta Ogena (“debide e parte los terminos e puestos e llamados de Olabeaga e Oguena”). Bestetik, itsasadarra bera, Teresa Uribarri zenaren etxetxo bateraino. Bertatik, Deustuko elizarantz, Arbietotarren etxetxoraino eta handik, hasierako errekatxoraino. Alegia, gutxi gorabehera, gaur egungo Botikazarreko parkea eta goragoko kaleetako batzuk.

Beraz, Ogena = Botikazarra esaten badugu, ez gabiltza oker. XVI. mendeko paraje hura deskribatzeko moduan ere bagaude: ibai ondoko eremua zen, zingira edo padura (‘cedenza’ esaten dute agiriek), hareatza ere tarteka eta, mareetatik libre gelditzen ziren leku batzuetan, zuhaiztiak (haritzak). Ibai ertzeko bidea (Bilbo-Olabeaga) bertatik igarotzen zen, baita Ogenatik Madariaga dorretxera igotzen zen estrata (gaur egungo Iruña kalea) eta Ogenatik Done Peri elizara joiana (gaur egungo Rafaela Ibarra).

Zer zeukan, bada, Ogenak auzia eragiteko? Bada, bertan zeuden herriko ontziola gehienak. Hamabi zenbatu zituzten auzi honetan, egin kontu. Horietako hiru zaharrenak zirela zehaztu zuten (“desde el último astillero de los tres antiguos”). Alegia, Ogenan sasoi batean hiru ontziola besterik ez ei zen egon, eta gerora bederatzi gehiago atondu zituzten. Susmoa daukagu hirutik hamabirako jauzia ez ote zen egin Espainiako erregearen armadaren eskaria asetzeko. Izan ere, XVI. mendearen erdialdean Deustuko ontzioletan hamabi galeoi ospetsuak egin zituzten. Gaur egun umeak olgetan egoten diren parke hori garai hartako teknologiarik aurreratuenaren lantegia zen.

Borroka leku

Ogenan jabetza ez zen bakarra. Herriko dorretxeetako bik, Madariagak eta Doneperiagak, bertan zeuzkaten ontziolak. Herri lurrak ere baziren eremu horretan. Auzi honetan argitu behar zena zen, hain zuzen, Ogenako lur sail bat herriarena ala Uribarri baserrikoa izan ote zen. 1561an, auzi baten ondorioz, Bizkaiko Korrejidoreak ebatzi zuen haiek herri lurrak zirela “e ansi mismo en el dicho astillero e astilleros del dicho termino puedan libremente acer nabios e otras naos o bateles como termino concexil de la dicha anteyglesia sin que por ello paguen cosa alguna”.

XVII. mendearen hasieran Uribarri etxea Martin Jauregi kapitainaren eskuetara heldu zen eta horrek zuhaitzak landatu eta mugarriak jarri zituen Ogenako eremu hartan. Herriak salaketa jarri zuen eta hortik piztu zen auzia. Bizkaiko Foruaren arabera, ugazabek herri lurretan zuhaitzak landatzeko eskubidea zeukaten. Askotan zuhaitzak landatu eta, urte askotara, arbolak zeuden lur sailaren jabetza eskatzen zuten, zuhaitzak eurenak zirela argudiatuta. Horixe zen, herriaren ustez, Jauregik egin nahi zuena.

Jauregi Madariaga dorretxeko ugazaba zen. Herriaren eta ahaltsu baten arteko borroka garbia ematen du, baina kontua ez ei zen hain gardena. Jauregik salatu zuenez, herria bere kontra “xaxatu zuena” beste handiki bat zen, Martin Ugaz. Herri interesen defentsaz gain, jauntxoen arteko liskarra ere bazen hura.  Azkenean, Valladoliden, Jauregiri eman zioten arrazoia eta Ogenako alderdi hori beretzat gelditu zen.

 

Testua: Hektor Ortega

Irudia: Valladolideko Errege Kantzelaritzako artxiboa