Irratsaioa eta txango kulturala Gabriel Aresti gogoan

prestaldizkaria 2012ko urr. 11a, 13:19

Bilbotar olerkariaren lana ezagutzera emateko gaur arratsaldean irratsaio berezia izango da eta larunbatean txango kulturala.

• URRIAK 11, OSTEGUNA, 17,00ETAN

Irratsaioa: “Arestiren garaia kantuz”, Bilbo Hiria Irratiko Pedro Elias Igartua

Urteak dira Pedro Elias Igartua musika adituak Soinugela izeneko irratsaio, arrakastatsua egiten duela Bilbo Hiria irratian. Oraingo honetan berak ere bat egin nahi izan du ziklo honekin eta, zenbait adiskideren laguntzaz, zuzeneko emanaldi eskainiko du Bilboko Kafe Antzokitik “Arestiren garaia kantuz” izenburupean. Bertan, Arestiren garaian, hau da, 60ko eta 70eko urteetan, poesia sozialak bai Euskal Herriko eta bai atzerriko musikan eduki zuen eragina aztertuko du.

• URRIAK 13, LARUNBATA, 12,00ETAN

Txango kulturala: “Arestiren Bilbo”, Edorta Jimenez

Bilboko Kafe Antzokitik abiatuta, Gabriel Arestiren bizitzan mugarri izan ziren Bilboko zenbait toki eta kale bisitatuko ditugu Edorta Jimenez idazlearen eskutik. Ibilbide literario honetan Edorta Jimenezek Arestiren olerkaritza zedarritu eta ezaugarrituko du, geldialdi bakoitzean olerki bat irakurtzeaz batera.

• URRIAREN 8TIK 14RA BITARTEAN

Erakusketa: “Bizitzaren erakusgarri”

Bilboko Kafe Antzokian ikusgai izango den eta 14 panelez osatuta dagoen erakusketa honek Gabriel Arestiren ibilbide personal eta literarioaren berri ematea du helburu. Erakusketaren gaineko lanketa didaktiko bat prestatu dugunez, guztiz gomendagarria da euskaltegietako eta institutuetako ikasleekin bisitatzeko.

INFO + GABRIEL ARESTI