Garden diskotekak ateak itxiko ditu

prestaldizkaria 2012ko urr. 29a, 19:26

42 urteko ibilbideari agur esan dio Garden diskotekak. Urriaren 31an itxiko ditu ateak, urte luzeetan zehar Bilboko gauaren erreferente izan denak. Itxieraren egunean, diskotekak egindako ibilbide oparoa gogoan, jai berezia antolatuko dute.

Garden diskoteka 1970ean zabaldu zen Deustun. Helburu nagusia Bilboko gau giroan erreferente bihurtzea zen, eta Hector Sanchez Zarraga Casa Vascako kudeatzailearen hitzetan bete-betean lortu zuen asmo hori. "1970an ohiturak eta jaia bizitzeko modua ez ziren gaurkoak bezalakoak. Garai hartan diskoteka batera joatea eta han ia gau osoa ematea gauza normala zen. Urteak aurrera joan ahala gizartea aldatu da, astialdiaz gozatzeko moduak aldatu egin dira, eta horrek eragina izan du Garden diskotekan ere" dio Hector Sanchezek.

Garden, zalantza barik, diskoteka mitikoa izan da. Bere oihartzunak Deustu eta Bilboko mugak gainditu ditu, eta toki askotatik hurbildu izan da jendea bertako giroaz gozatzeko. "Arrakasta horren gakoa lan serioa egitea eta bezeroari arreta egokia eskaintzea izan da. Horretan ahalegin handia egin dugu, eta urte hauetan guztietan saria jaso dugu, hots, jendearen harrera ona" azaltzen digu Casa Vascako kudeatzaileak.

Ibilbide luze horretan zehar Garden diskotekan era askotako ekitaldiak antolatu izan dira. Ezkontzak, ezkontza aurreko agurrak, adineko jendearentzat dantzaldiak, kontzertuak, aurkezpenak...  Ez da erraza 40 urteko ibilbidea lerro gutxitan laburbiltzea. Baina Hector Sanchezen hitzetan artista ospetsu asko hurbildu dira Gardenera. "Hemen egon dira Tom Jones, Nino Bravo, Rocío Jurado, Rocío Durcal, Bertín Osborne, Paloma San Basilio... bezalako artistak. Eta baita gaur egunekoak ere, adibidez, Ricky Martin, Enrique Iglesiak, La Oreja de Van Gogh...." Baina ez musikariak bakarrik. Umoristek ere leku garrantzitsua izan dute Gardenen, esaterako, Martes y Trece, Cruz y Raya, Arévalo, Eugenio eta abar luze bat. "Mota askotako jendearen elkargune izan da Garden. Gazteak eta ez hain gazteak, hemengoak eta atzerritik etorritakoak.... era askotako jendea bildu da. Eta nahi izan duen guztiak bere lekua aurkitu du hemen" gaineratzen du Hector Sanchezek.

Baina urteak aurrera joan ahala Garden diskotekaren ospea itzaltzen joan da, bertako giroa ere asko aldatu da urtez urte. Eta azkenean, 42 urte eta gero ixtea erabaki dute.

Lokala ez da hutsik geratuko, beste erabilpen bat emango zaio, baina Casa Vascako kudeatzaileak ez digu zehaztapen gehiagorik eman nahi izan. Itxieraren arrazoiei buruz ere ez du ezer aipatu nahi izan, baina pena handiz baieztatu du "Deustun, erreferente garrantzitsu bat galtzen da duda barik, Gardenek hutsune handia utziko du".

Testua: Olatz Arregi