Datorren larunbatean, azaroak 17, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak bere bigarren Kongresua egingo du Bilboko Euskalduna Jauregian. “Federaziotik Mugimendura” izena eman dio Topaguneak Kongresuari.
“Federaziotik Mugimendura” izenburuko gogoeta prozesua burutuko du datorren larunbatean, azaroaren 17an, Bilboko euskalduna Jauregian. Larunbateko saioarekin amaituko dute mugimendua osatzen duten ia 100 elkarteek 2010 urtean hasitako hausnarketa sakona. Azken hilabeteetan mugimenduaren antolakuntza, finantzazioa, barne komunikazioa eta jardunari lotutako gaiak landu dituzte Euskal Herri osoko hainbat elkartek eta, oro har, adostasun zabala nabarmendu dela azpimarratu dute Topaguneko ordezkariek. Larunbatean gogoetari amaiera emateaz gain, Zuzendaritzak proposatutako ponentzia eta ondorioak bozkatuko dituzte Kongresura bertaratuek.
Aurreko Kongresuan zabaldutako bideari jarraituz, euskaldun eta euskaltzaleen gizarte mugimenduak indartzeko apustuari eutsi diote oraingoan ere Topaguneko kideek eta horrela, euskaldunon komunitatea plazara ateratzeko beharra azpimarratu dute, elkarte bizitza herrira ateratzeko beharra.
Azaroaren 17an, gogoeta prozesuaren bukaera baliatu nahi du Topaguneak, halaber, azken hiru urteotako gogoetak gizarteratzeko, eta bazkideekin erabakiak hartzeaz gain, euskalgintzako eta gizarteko beste eragile batzuekin gogoetaren ondorioak konpartitzeko baliatuko du mugimenduak Euskalduna Jauregiko ekitaldia.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskaldunon hizkuntza komunitatea indartzea da, euskararen erabilera sustatuz eta motibazioan eraginez. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.
INFO + TOPAGUNEA