Bilboko Udalak euskaltegiak omendu ditu Euskararen Egunean

prestaldizkaria 2012ko abe. 5a, 10:04

Abenduaren 3an, Euskararen egunean, Bilboko Udalak euskaltegiak omendu zituen. Denen ordezkari, Juan Carlos Murillok idazki kritikoa irakurri zuen alkate, zinegotzi eta gonbidatuen aurrean.

Hauek dira Bilbon lanean diharduten zortzi euskaltegiak: AEK, Bai&By, Elkarlan, Euskal Irakaslegoa Deustuko Unibertsitateak, Labayru Ikastegia, Mikelats Euskaltegia, Mondragón Lingua eta Ulibarri Euskaltegia.

Hemen duzue Juan Carlos Murillok, Elkarlaneko ordezkariak, euskaltegi guztien izenean udaletxeko arabiar aretoan irakurri zuen testua.

“Eskerrik asko, Alkate jauna.

Alkate jauna. Zinegotzi jaun-andreak. Agintariok, lagunok …

 Gauza gutxi izango dira Bilbon euskaltegiak bezain bilbotar.

 Euskaltegiok bilbotarrak gara izatez eta jaiotzez. Jaiotzez, euskaltegi hitza bera Bilbon jaio zelako, eta izaeraz, bilbotarrok munduan diren eta izan daitezkeen enpresa handietara oso emanak garelako eta, zein enpresa handiago, zein bilbotarrago, Iparragirreren “eman ta zabal zazu” hura baino?.

 Bilbotarrok ez dugu datu beharrik halakorik esateko, baina datuek eurek ere erakusten digute euskaltegia Bilboko gauza dela. Izan ere, Erkidego Autonomiadunean dabiltzan 3 ikasletatik 1 bilbotarra da, nahiz eta Bilbo euskalduntze-alfabetatzearen etorkizuna erabakitzen den foro nagusietan ordezkaturik egon ez.

 Euskara ematea eta zabaltzea dugu euskaltegiok helburu; izaeraz eta filosofiaz, ordea, “ekin eta jarrai”. Areago, gauden garaietan gaudela; eta benetan ekileak bagarela ederto dakite etxe honetan.

 Krisian gaudela, une latzak, oso latzak, bizi ditugula, gauza nabarmena da.

 Euskaltegiontzat, ordea, krisia da gure bizilekua, gure egoera naturala, eta, horrexegatik, ondo dakigu zer egin krisialdiak gainditzeko …

 Ahalegina, lehenengo eta behin, eta ahalegin ona.

 Bilbotarrok, eta euskaltegiok, ondo ezagutzen dugu ahalegina zer den; ondo dakigu erronkei eta arazoei, uholdeei, erasoei, konbalidazio dekretu eta abarrei aurre nola egin; ondo dakigu talde-lana, gutxirekin asko egitea edota esfortzua eta beharra zer diren.

 Konpromisoa, bigarrenez

 Konpromisoa gure ikasleekin, gure bezero eta hornitzaileekin, gure kideekin eta ingurukoekin, gure gizartearekin, alegia.

 Jaso duguna aberastu eta transmititzeko konpromisoa, egiten dugunarekiko eta lortu nahi dugunarekiko konpromisoa.

 Eta hirugarrenez, ilusioa.

 Helburuak lortuko ditugulako sinesmena; erronken aurrean etsituta garenean edota garai latzak direnean, ilusioa; edo, beste batzuetan esaten zaion bezala, motibazioa.

 Euskaltegiok bilbotarrak gara eta, Athletic irabazle ikusiko dugula ziur gauden bezala, Bilbon euskara zabaldu eta gehiago erabiliko dela ziur gaude edota bilbotarrontzat -beste guztientzat bezalaxe- euskara geureganatzea eta ikastea errazagoa eta eskuragarriagoa izango dela ere, ziur gaude.

 Duela egun gutxi ospatu dugu euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legearen 30. urteurrena

 Hizkuntzaren berreskurapenerako zereginetan zati bat baino ez omen da euskaltegiona, ezagutza. Handia ala txikia den, funtsezkoa; hizkuntza bat nekez erabil baitaiteke hiztunik gabe.

 Egindako zenbait ikerketaren  arabera, azken hamarkadetan euskarak 300.000 hiztun irabazi baditu, horien herena euskaltegiei zor zaie.

 Euskararen erabilera, zoritxarrez, urrun da oraindino normalizazio horretatik, bai eta euskararen legeak berak arautzen dituen batzuetatik ere.

 Jorratu beharreko bideak askotarikoak dira, beraz, baina bereziki bi aipatu behar: euskararen ezagutza eta euskaraz bizi ahal izateko guneak.

 Zalantzarik gabe, erabileran aurrera abiada egokian egiteko, hizkuntzaren ezagutza unibertsal bihurtu beharra dago; ezinbestekoa da ezagutza bermatzea eta horretarako, dudarik gabe, neurri eraginkorrak eta baliabide egokiak behar dira, besteak beste, euskara ikastea doakotasunaren bidean jar dadin.

 Euskalduntze Alfabetatzea da, euskaltegiak modu egokian bideratuta eta baliabidez jantzita, esparru administratiboan, sozialean eta lan-munduan ezagutza hori bermatzeko tresnarik eraginkorrena, baita erabilera eta normalizazioa bultzatzekoa ere.

 Bestalde, hizkuntza bat normaltasunez baliatzeko, erabilera espazioak eta guneak behar dira. Euskarak, hortaz, erabiltzeko espazioak irabazi behar ditu, gune publiko zein pribatuak.

 Erabilerarako gune horiek toki publikoetan bermatzeko beharra ere hor dugu; euskaren legeak berak ere hala esaten zuen, euskararen erabilera hiritarrontzat eskubidea eta administrazioarentzat betebeharra dela.

 Euskararen normalizazioan, bistan da, krisian egon zein ez, beti dago zeregina, hitzetatik haratago joan eta ekintzetara igarotzeko aukera eta gunea.

 Espero dezagun, bada, gaurko ekitaldiaren ondotik egin beharko dugun bidearen hurrengo etapa guztietan, Administrazio guztiek eta bereziki, gaur errekonozimendu hau eman digun Bilboko udalak, gure hiri honen eta hiritarron  euskalduntzea sustatzeko behar beste sostengu eta  baliabide eskaintzea.

 Eskerrak ematen hasi gara eta eskerrak ematen bukatu behar.

 Eskerrik asko, berriro,  Alkate jauna, eskerrik asko zinegotzi jauna, eta, oro har, eskerrik asko Bilboko udalari berari, gaur, abenduak 3, euskararen egunean Bilboko euskaltegiei egindako omenaldi eta errekonozimenduagatik.

 Merezi genuen; nork bere tamainan, ondo merezi ere.

 Hala ere, hemen meriturik bada, merituaren zati bat baino ez da administrazioarena eta euskaltegiena.

 Eskerrik asko, beraz, duela urte luzeak, demokrazia berreskuratzeak berekin euskara berreskuratzea zekarrela ondo ulertu eta helduen euskalduntzerako eta alfabetatzerako mugimendua martxan jartzeko konpromisoa eta apustua hartu zutenei.

 Eskerrik asko euskaltegiokin lankidetzan ibiltzen zareten guztioi; euskaltegietako lankideoi eta, nola ez, irakasleoi ere.

 Zuek ederto erakusten duzue zer diren ahalegina, konpromisoa eta ilusioa. Egunero euskaltegietan aritzen zareten eta hizkuntzen irakaskuntzan den kolektiborik gogotsuen eta aurreratuenetako irakasleoi eta lankideoi.

 Eta, azkenik, eskerrik asko ikasleoi. Ikasle zaretenoi eta izan zaretenoi. Zuen orduetako asko euskara ikasten eta euskararen erabilerarako aukerak eta guneak eraikitzen ematen dituzuen ikasleoi. Zuek gabe ez zen euskaltegirik izango. Zuek gabe ez genuke zentzurik izango.

 Zuengatik, eta zuengatik batez ere, egunero da guretzat euskararen eguna.

 Eskerrik asko”.

INFO + AEK