1937 eta 1979 bitartean Deustualdeko kaleak eskuin muturreko heroien izenez bete zituzten. Gutako askorentzat oraindik ere ezagunak dira, baina gazteenek nekez jakingo dute matxinada militar odoltsu hark inposatutako izen dantzaren berri.
Francisco Francoren diktadurak ia 40 urte iraun zuen gurean. Faxistak 1937ko ekainaren 19an sartu ziren Deustualdean eta harrez gero ezarritako erregimen totalitarioa 1977ko ekainera arte luzatu zen.
Eskuin muturreko diktadurak kale izendegia bere gustuen arabera moldatu zuen. Deustuko kale batzuei izen zaharra kendu eta erregimen berriko heroiena eman zien. Baina artean Deustualde gehiena urbanizatu barik zegoen eta, batez ere, hurrengo urteetan egindako kale berriak bataiatzeko orduan utzi zuen faxismoak bere aztarna gure izendegian. Arlo horretan Tellaetxe zaharrak eraman zuen kalterik handiena, San Ignacio de Loyola izeneko auzo berriko kale ia guztiak erregimenaren aldeko ekintzaleei eskaini baitzizkieten. Izen horietako gehienak 1980an eta 1983an desagerrarazi zituen Bilboko Udalak.
Deustualdeko kale nagusiei erreparatuz gero, berehala ikusiko dugu diktaduraren kuttunak nortzuk ziren. Diktadoreak berak leku bitan eduki zuen bere izena (hobeto esanda, bere gaitzizenak) islaturik: Puente del Generalísimo –Deustuko zubia– eta San Inazioko elizako plaza –Plaza del Caudillo, gaur egun Baztan plaza–. Erregimenaren martiri nagusia Falange alderdiaren burua izan zen, Jose Antonio Primo de Rivera. Horrek ere bere tokia zeukan, plaza de Jose Antonio, gaur egun Agoitz plaza dena, San Inazion bertan. Françesc Maciá Generalitateko presidenteari eskainitako etorbidea Avenida del Ejército –Armadaren etorbidea– izenarekin bataiatu zuten faxistek. Eta horrela iraun zuen Jose Maria Gorordo alkatea zela –1990eko ekainean– Bilboko Udalak Agirre Lehendakariaren izena eman zion arte. Beste batean kontatu genuen bezala, San Inazioko beste kale bati División Azul izena jarri zioten –baita monumentu bat ezarri ere; gaur Larrakotorre da–, naziekin batera Sobiet Batasunaren kontra borrokatu zuen Espainiako Armadaren atalaren omenez.
Egia esan, naziak, faxistak eta enparauak ugari ageri ziren gure kale izendegian. Esate baterako, Enrique Sotomayor –División Azulean hil zena, Frente de Juventudeseko sor-tzailea, faxista peto-petoa; gaur egun Gezala margolaria kalea–, Albiñana doktorea –eskuin muturreko talde paramilitarra osatu eta gero Partido Nacionalista Español bihurtu zuen; gaur egun, Iruña kalea– edo Felipe Sanz Paracuellos –JONS erakunde faxistaren sortzailea Bizkaian; gaur, Heliodoro de la Torre–.
Falangearekin lerrokatu eta gerran hil ziren oligarkiaren semeak ere askotan aipatu zituzten Deustualdeko kaleetan. Ibarra familia ospetsuko gazte asko eta Neguriko beste aberats-kume batzuk –Txurruka, Gortazar, Landetxo…– buru-belarri aritu ziren alderdi faxistaren sorreran eta eraketan, baita 1936ko uztailaren 18ko matxinada militarraren prestakuntzan ere. Horietakoak ziren Jose Maria Ibarra –haren kalea gaur Enkarterri kalea da– eta Ibarra Villabaso anaiak –JONS faxistaren sortzaileak Bizkaian; gaur Orixe kalea–. Preso hartu zituzten eta kartzelen kontra egindako motinetan hil zituzten.
Uztailaren 18ko kolpe militarraren prestakuntzan ez ziren faxistak bakarrik nahastu. Karlistak ere tartean ibili ziren. Zeregin horretan arduradun nagusiak, Rafael Olazabal –haren omenezko kalea gaur Mikel Zarate kalea da– eta Jose Luis Zuatzola –gaur Francisco Durrio–, berehala atxilotu eta giltzapetu zituzten. Espetxeen kontrako erasoetan hil zituzten. Motin horietan hildako beste eskuindar batzuei ere kaleak ipini zizkioten San Inazion: Fernando Llasera –gaur Navarro Villoslada-, Luis Goikoetxea –gaur Oñatiko unibertsitatea–eta Antonio Canda Landaburu –gaur Gregorio Balparda–.
Karlistekin eta falangistekin elkarlanean militarrak aritu ziren, jakina. Garellanoko erregimentuko matxinatuak ere –berehalako porrotaren ondoren, fusilatu zituzten– Deustualdeko kaleetan jarri zituzten: Teniente del Oso –Alfonso del Oso, gaur egun Juan Antxieta kalea– eta Luis Ausin tenientea –gaur egun, Saturraran kalea–. Carlos Haya bilbotar militar eta hegazkin pilotoari ere kalea jarri zioten Deustuan –gaur egun, Françesc Maciá–.
Azkenik, beste kale sorta bat Falangearen ekintzaile eta pistolarientzat gorde zuten: Picó anaiak –haietako batek, Amadeok, kazetari sozialista bat hil zuen gerra hasi aurretik; gaur egun, Arturo Kanpion–, Fidel Santaló –Falangeak sortutako espioi sare bateko kidea; gaur, Bernat Etxepare kalea– eta Migel Arriola –Madrilen hildako falangista; gaur, Seber Altube–.
Testua: Hektor Ortega
Argazkiak: Txema Juanes