Iñaki Odriozolak eskuratu du Cafe Bar Bilbao saria

prestaldizkaria 2013ko urt. 23a, 10:05

Iñaki Odriozolak, filosofia irakasleak irabazi du euskarazko arloan, “Azken ordua” izeneko antzezlanarekin, eta Juan Aguirrek, kazetariak, gaztelaniazkoan “Pienso, pero no existo (¡Y qué se le va a hacer!)” izeneko lanarekin. Biak dira X. edizioko “Café Bar Bilbao” teatro laburreko gidoi sarien irabazleak.

Testu biak tabernaren web orrian ( www.bilbaocafebar.com ) zintzilik daude antzerkizale guztien eskura.

Hurrengo hitzordua idazle bi hauen antzezlanen irakurketa dramatizatua izango da. Irakurketa dramatizatuak, datorren urtarrilaren 31n, ostegunarekin, arratsaldeko 19:30etan izango dira Bilboko Bidebarrieta Kulturgunearen aretoan.

Testu biak irakurtzeko honako aktore profesional hauen laguntza izango dugu: Patxo Telleria, Jokin Oregi, Ana Pikaza eta Mikel Martinez, denak “Tartean teatroa” Bilboko antzerki konpainiakoak.

Testu irabazleen egileek ere hartuko dute parte irakurketa dramatizatuaren ekitaldian.

“Azken ordua” bakarrizketa dramatikoa da, eta idazleak berak adierazten duenez, kutsu “Shakespearianoa” duela eta gaur egun egiten ari dena ikusita, agian, pixka bat modaz kanpokoa.

Protagonista bakarra errege bat da. Erregea gazteluan dago zain. Bera hiltzera datorren semearen zain, hain zuzen. Antzezlanak erregeak dituen hausnarketak eta oroitzapenak plazaratzen ditu.

Bizitzaren oinarrizko kontraesanei buruzko hausnarketa egiten du obra honen pertsonaiak: bizitza/heriotza, maitasuna/gorrotoa, boterea/menpekotasuna, aitaren irudi anbibalentea, heriotzaren zain dagoen bitartean. Batzuetan era malenkoniatsuan aritzen da, besteetan etsipenez, bai eta haserre bizian ere. Bestalde, gaur egungo gizabanakoaren mentalitatetik urrunduz, giza taldearen ikuspuntu ez pertsonalista bat lantzen saiatu dela aitortzen du egileak