Durangaldea txapeldun, bertsolari gazteen finalean

prestaldizkaria 2013ko mar. 25a, 09:24

Durangaldeko seikoteak irabazi zuen bertsolari gazteen XXI. BBK sariketa, bart Bilboko Kafe Antzokian eginiko finalean.

Finala ehunka lagunek bertatik bertara jarraitu zuten. Gehienak Durangotik  eta Algortatik etorritako ikasle gazteak ziren eta txalo eta babes-oihu artean animatu zituzten beren taldeak.

Arkaitz Estiballesek, gaur egun Bizkaiko bertsolarien txapeldunak, Juanjo Respaldizak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak, eta Gorka Intxaurbek, filologian eta bertsolaritzan adituak osatutako epaimahaiak 412 puntu eman zizkion Durangaldeko seikoteari eta, honenbestez, Ipar Uribekoari gailendu zitzaion, azken honek 385 puntu eskuratu baitzituen. Beraz, Garoa Angiozarrek, Iruri Altzerrekak, Txaber Altubek, Aitor Bizkarrak, Ander Gerrikaetxebarriak eta Ane Alegriak osatzen zuten taldeak Ipar Uribekoa menpean hartu zuen, hau da, Unai Mendiburuk, Aitzol Muruagak, Paule Loizagak, Inazio Vidalek, Peio Arondo eta Imanol Uriak osatutakoa.

Esan beharra dago, 18 urte artekoen atalean Durangaldekoek 168 puntu lortu zutela eta Ipar Uribekoek 175, baina nagusien arteko atalean nabarmendu ziren irabazleak, 244 punturekin, galtzaileak 210 baizik lortu ez zuten artean.

Bi talde finalisten artean 2.000 eurotik gora banatu dituzte saritan, Durangaldeak 1.260 euroko lehen saria jaso du eta Ipar Uribek 900 euro jaso ditu. Horrez gain, 140 euroko saria eman diote Arratiko taldeko Irati Astondoari bizkaiera egokiena erabili duen bertsolari gaztea izateagatik eta 70 euro Iruri Altzerrekak finalista gazteena izateagatik.

BBK-k, Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen du lehiaketa hau. Zazpi talde ezberdinetan, Bizkaiko beste hainbeste eskualdetako 45 bertsolari gaztek esku-hartu dute BBK sariketearen XXI. Edizioan. Azpimarratzekoa izan da hamalau bertsolari lehen aldiz igo dira oholtzara era honetako lehiaketa batean aritzeko. Datu honek erakusten du harrobi indartsua izan badela Bizkaiko bertsolari gazteen artean.

Izan ere, finalera iritsi diren bi eskualdeek, Durangaldeak eta Ipar Uribek, bertsolaritzan ibilbide oparoa egin dute dagoeneko, hein handi batean beren bertso-eskolek emandako bultzada garrantzitsuari esker. Eskola hauetan hazi eta hezitakoak dira, besteak beste, Igor Elortza, Unai Iturriaga edo Miren Amuriza bertsolariak, Durangaldeari dagokionez. Algortako bertso eskolan, aldiz, Fredy eta Xabi Paya, Jone Uria edota Arrate Illaro dira ezagunenetakoak. Bertsolariok laguntza osoa eman diete finalera iritsi diren gazteei eta, zenbaitzu, finalean ere izan dira ikusle.

Durangaldea eta Ipar Uribe dira lehiaketa honen finalera urte gehienetan iritsi diren taldeetako bi. Durangaldeak lau alditan irabazi du BBK txapela eta sei bider Ipar Uribek, Lea Artibaiko taldeak adina.