Udalak %30 handitu du mailegurako bizikleten kopurua

prestaldizkaria 2013ko api. 16a, 10:46

Bilboko Udalaren Lan eta Zerbitzu Sailak 50 bizikleta berri hartu ditu `Bilbon Bizi´ izeneko udal zerbitzurako. Horiekin guztiekin, dagoeneko 200 bizikleta baino gehiago daude ibiltzeko moduan. Aurrekoei beste 50 ale gehituko dizkiete hurrengo hilabeteetan. Inbertsio honen bidez, Sailak ibilgailu berriak eman nahi dizkio zerbitzuari, materiala berrituta eta egoera onean edukitzeko.

2013ko beste berrikuntzetetako bat telefono mugikorrerako aplikazioa izango da. Horren bidez, puntu bakoitzean unean uneko bizikleta-kopurua ezagutu daiteke. APP izeneko zerbitzuan mapa bat egongo da. Bertan, Bilbon Biziren Gune guztiak adierazita agertuko dira une bakoitzean eskura dauden bizikletak zein uzteko guneak kontsultatzeko aukera egongo da.

Gaur egun, bizikleten mailegurako `Bilbon Bizi´ udal zerbitzuak 12.917 erabiltzaile dauzka erregistratuta, 2.000 inguruk inoiz erabili ez duten arren. Bilbon bizikletak hartzeko 25 puntu daude, auzo guztietan.  Gogobetetzeari buruz egindako inkestaren arabera, galdetutakoen hirutik bi nahiko edo oso pozik daude bizikletak maileguan hartzeko zerbitzu publikoarekin. Izan ere, erabiltzaileek oso ondo deritzote zerbitzuari. Emaitza bera lortu dute hurrengo ataletan: zerbitzuaren ordutegiak, maileguan utzitako denbora, txartel pertsonalen funtzionamendua, komunikatzeko eta atentzioa emateko bideak, gorabeheren berri emateko zerbitzua, Arriagako bulegoa, posta elektronikoa, etab. Antzeko puntuazioa -ia oso ongi- eman diete Bilbon Bizi guneei: Pantailaren erabilera, sistemaren funtzionamendua, bizikletak uzteko puntuak, Bilbon zehar bizikletak uzteko guneen kokapena eta haien kopurua eta bizikletak erabiltzeko aukera edukitzea. Hori bai, logikoa denez, erabiltzailek zerbitzuari gehien eskatzen dizkioten gauza biak Bilbon Bizi guneak ugaltzea eta bizikleta-kopurua handitzea dira.

Erabilerari dagokionez, %7,5k egunero erabiltzen dute, %14,9k 3 edo 4 bider astean, eta %31k astean behin edo bitan. Gehienek diotenez, bizikleta paseoa emateko erabiltzen dute; ondoren, laneko joan-etorrietarako edo kirola egiteko erabiltzen dutenak datoz.  Erabiltzaileek bizikleta erabiltzeko abantailak honakoak dira: osasungarria, ekologikoa, arina eta dibertigarria izatea. %71 bidegorrietatik ibiltzen da, %19 galtzadan autoekin batera eta %10 espaloi eta oinezko guneetatik.

Bizikletak hartu eta uzteko sarrien erabiltzen diren lekuak ondorengo hauek dira: Arriaga plaza, Campo Volantin, Iruña, Indautxu, Doneperiaga-San Pedro, Casilla eta Jesusen Bihotza. Horiez gain, duela gutxi ipinitakoak: Sarriko eta Heros.

Bizikletak

Bizikletei dagokienez, baloratzeko inkestan jarritako alderdi guztiek jaso dute erabiltzaileen onarpena: diseinua, segurtasuna, erosotasuna eta mantentzea. Puntu honetan, Lan, Zerbitzu eta Ingurumen Sailak gogorarazi gura du bizikleten mantentzea guztion ardura dela. Izan ere, iaz 97 bizikleta lapurtu ziren, horietatik 33 berriro agertu dira kalterik gabe, eta  beste 64ei ostera, berreskuratutakoan argietan, lohi-babesetan edo kalte-estalkietan kalteak eragin dizkiotela antzeman da.  Halaber, batzuetan zenbait kalte eragin diote Bizikletak Hartzeko Guneei, bizikletak bortxaz ateratzen saiatzean.

Ekintza maltzur horien ondorioz, epaitegian 5 salaketa ipini dira eta bietan epai irmoa egon da: Lagun biren aurkako baten kasuan, bizikleta bat bortxaz ateratzen saiatzean lotzeko euskarrietan kalteak eragin dituzte eta 10 hilabetez espetxeratzeko zigorra egon da, biontzat bozka emateko eskubide pasiboa kentzea eta 30€ko isuna barne; eta bigarrenean, pertsona baten kontrakoa, Udalari 456,31€ ordaindu behar izango dio lapurtutako bizikletaren balioaren truke, eta 40 egunez 6€ko eguneroko kuota ordaindu behar izango du.