Bilboaldeko Berrialagunen bazkaria larunbatean Kafe Antzokian

prestaldizkaria 2013ko api. 23a, 19:16

Berriak 10 urte eta 10 urte eta Hor Dago! Abante konpartsak 20 urte betetzen dituzte, hurrenez hurren. Horregatik bazkari-jaia antolatu dute datorren larunbatean (apirilak 27) Bilboko Kafe Antzokian eta Bilboaldeko Berrialagun guztiak bertan esku hartzera gonbidatu dituzte. Bazkaria Kafe Antzokian, 14:00etan, izango da.

BERRIA egunkariak hamar urte egingo ditu eta ospatu egin nahi du. Ospatu nahi du bertako langileekin, kolaboratzaileekin, irakurleekin BERRIAlagunekin, proiektua bideragarri izan dadin dirua jartzen dutenekin… Guztiei eskerrak eman nahi dizkie, haiekin egon nahi du, eta aurrera egiteko haien sostengua behar duela esan nahi die. Berrialagunen bazkaria deitu diote, azken batean euskarazko prentsak babesleak eta laguntzaileak behar dituelako, baina edonork joan ahal izango du bazkarira.

Bestalde, euskarazko prentsa sustatzeko sortu zuten Hor Dago! Abante 1993an. Euskaldunon Egunkaria-ren laguntzaile izan zen, eta orain Berria egunkariarena. “Lagun zaharrak eta berriak” batu, haiekin hitz egin, jan, edan… Ospakizun xumea izango da, baina “goxoa eta polita”, antolatzaileen esanetan. Berrialagunekin, kolaboratzaileekin, irakurleekin… Euskarazko kazeta posible egiten duten guztiekin ospatu nahi du Berriak bere 10. urteurrena. Horretarako aukera ederra izango da Bilbon larunbat honetan.

Sarrera: 18€ (Kafe Antzokian, Café Bilbaon eta Morga tabernan).