Tropeleko antzerkilaria dela dio Sonia Villamorrek. Denetik egiten du eta horri esker lanik ez du falta.
Pisukideak antzezlanean protagonista izan zara Jon Zubiagarekin batera. Etxebizitzaren gaia lantzen du obra horrek; gaurkotasun handiko gaia.
Egoera oso muturrera eraman dugu. Egia esan, etxebizitzaren gaia oso ohikoa izan da beti pobreontzat. Orain 20 urte, 10 urte gertatzen zen. Diruz justu ibili garenok etxebizitzarekin beti arazoak izan ditugu. Orain ere, zoritzarrez, gaurkotasun handiko gaia da eta Peru Madalena gidoilariak garai berrietara egokitu du testua.
Antzezlanaren abiapuntua zuri gertatutako bizipena da.
Familikoa zen pisu batean bizi nintzen eta halako batean nire amak salgai jarri zuen etxea. Inmobiliariakoa agertu zen egun batean, pisua erakustera zetorren. Hori gertatu zitzaidan. Peru eta Osoronekin horri buruz hitz egiten, abiapuntutzat hartzea erabaki genuen oso gaurkoa eta oso dibertigarria iruditzen zitzaigulako. Harrigarria da zenbat aldiz trabatzen garen egoera jakin batzuetan, nahiz jakin badakigun nondik joan behar dugun edota aldaketa behar dugula.
Etxebizitzaren drama komedia bihurtu duzue. Zergatik?
Guretzako ezinbestekoa da umorea eta gure problematika azaleratzea. Arte eszeniko munduan aritzen gara, nik adibidez ekoizpen batean ia-ia edozein postutan egin dezaket lan, bizi ahal izateko. Pisukideak gure proiektua izan da. Piskat nekatuta gaude enpresa eta taldeentzako lanean aritzen. Gure ideia izan da eta guk nahi izan dugun moduan aritu gara. Horregatik lagunek asko lagundu behar izan digute.
Zortzi emanaldi eskaini dituzue Pisukideak antzezlanarekin. Eskas geratu zaizue?
Gu oso pozik ibili gara, baita ikusleak ere; edo hori uste dugu. Aktoreok ez bagara telebistan azaltzen, aktore gara? Idazleek ez badute best seller bat idazten, idazle dira? Gaur egun dena zalantzan jartzen da. Euskal Herri txiki honetan behar-beharrezkoa da txiki zein handi, gauza ezberdinak egiten dituztenak; ez bakarrik telebistan ari-tzen direnak.
Zein osasun dute telebistako ekoizpenek?
Euskaraz, fikzio mailan, bi ekoizpen bakarrik daude martxan; DBH eta Goenkale. Hor denok ez gara kabitzen, beste gauza batzuk egon behar dira. Ekoizpenak indartu beharra dago.
Laburmetrajeetan parte hartu duzu eta lehiaketa batzuk irabazi ere bai. Zeintzuk?
Aritz Albaizarren inguruan batzen gara hainbat lagun lehiaketa express-etan parte hartzeko. Modu erraza da, 24 ordutan edota asteburu baten burutu behar da laburra. Lagun zaharrekin elkartu eta beste profesional batzuk ezagutzeko aukera ematen du. Azkenaldian Bilboko Zinebi Express eta Elorrioko 24 Ordu Digitalean parte hartu eta bietan irabazi dugu.
EMEn du izena azken Zinebi Express lehiaketako irabazleak. Zer kontatzen du?
“Bilboko sekretuak”, hori da eman ziguten gaia. EME tabernako sandwich famatuen errezeta lortzeko ahalegina da gure filmaren argumentua. El Correo egunkariko webgunean eskegita hainbat denbora eman zuen laburrak eta guri ilusioa egin zigun. Euskaraz egindako lana izanik kontraesana ikusi genuen; polita iruditu zitzaigun.
Bilboko Areatzan kontainer baten barruan birziklapena sustatzea helburutzat zuen antzezlanean ere aritu zara.
Bilbon zaborra birziklatzeko dagoen sistema kontutan hartuta, zer gauza birzikla daitekeen erakusten genuen sketch bidez. Bitxia zen, auzotar batzuk egunero etortzen zirela konturatu ginen. Barre asko egiten zuten eta guk beraiekin. 10 egun jarraian eman genituen Areatzan eta egunero pasatzen ziren pertsona berdinak gure komedia ikustera. Jendeak kultura eta entretenimendu mundutik ematen zaion dena eskertzen du.
Kultura ekitaldien prezioa garestitu da BEZ zerga %8tik %21era igotzean. Zein jarrera dute administrazioek?
Administrazioei kultura ez zaie interesa-tzen. Martxelo Otamendik esaten zuen gure marra gorriak ezin zirela Espainiako marra gorriak izan. Euskararen sektorea guk geuk aipatu eta kontutan hartu behar dugu, hori espainolek ez dute egingo. Oso garrantzitsua da kultura arloan hizkuntzarekiko egiten den lana. Denok igarri ditugu murrizketak. Baina sektore batzuk, oso zigortuta egon direnak betidanik, are zigortuago daude. Esaten didatenean, zein garestia den 20 euro ordaintzea ikuskizun batean, bada ados nago. Zuzeneko ikuskizunak oso garestiak dira eta iruditzen zait Euskal Herrian gaizki ohituta gaudela.
Zergatik?
Askotan eman dizkigute espektakuluak doan, diru-laguntza zegoelako edota udalak ordaintzen zuelako, baina izatez espektakuluak oso garestiak dira. Argi teknikariak jan egin behar du eta jatekoa guk erosten dugun denda berean erosten du. Jende asko dago ikuskizun baten atzean, exijentzia maila oso altua dute zuzenekoek. Ez dugu lan ikusezin horren kontzientzia eta ez dugu izan nahi. Batzuen ustez, guk egiten dugun lana ez da lana. Garesti edo merke, balantzan jartzen badugu dena, gauza askok ez dute zentzurik. Gure hizkuntzan are gutxiago; euskaraz egindako espektakuluetako zenbakiak ez dira ateratzen.
Bada krisi garai honetan ideia berririk? Alternatibarik?
Auzoan, Deustuko Erriberan, adibidez Pabiloi 6 daukagu. Astebururo dago eskaintzaren bat 13 eurotan. Oso egokia da erakusleiho moduan, zeren Bilbo hiri zaila da espazio aldetik, asko itxita daude.
Espazio itxiak. Adibidez?
Bilboko antzoki publikoaren formatu txikiko eskaintzan ez zegoen euskaraz ezer ere. Baina ez dakit zergatik, nik ez baitut ezer aurkeztu. Ez dakit gure beldurrengatik ez ditugun gauzak aurkezten eta zerbait aurkeztuz gero onartuko lituzketen inolako arazo barik. Galdera bota dut eta erantzunaren zain nago.
Orain zertan ari zara?
Audioak grabatzen dihardut, esataria naiz. Bikoizketa ikasi nuen Donostian. Euskaldun berria izanik, nire euskarak doinua lantzeko beharra zuela ohartu nintzen.
Zer da grabatzen duzuna?
Logela Multimedia taldearen Anaki espektakulurako egin nituen grabaketa batzuk eta publizitatea ere egin izan dut. Orain, liburuak grabatzen ditut. Bizi egin behar da, azken finean.
Azkenaldian lantaldean aritzen zara hainbat proiektutan.
Lau urte daramagu lantaldean. Horrela hainbat gauza egin ditzakegu: gida turistiko bat, antzezlan bat edota laburmetraje bat. Peru Madalena eta Ander Garaizabalekin ia lan guztietan nago.
Eta zer da Hordago ardoa ikuskizuna?
Ardo dastaketa, margolana, zuzeneko musika eta poesia nahasten ditu. Hiruok egiten dugu beste lagun batzuekin. Pabiloi 6an frogatu genuen eta oso ondo funtzionatzen duen funtzioa da.
“Dirua eta borondatea behar dira”
Bilboaldean sortzen dena ezin da bertan ikusi?
Ramon Bareak zioen hiri batera heltzean hiri horretako sortzaileak zertan ari ziren jakin beharra zegoela, aukera behintzat eduki behar dela. Bilboaldeko antzokietara joz gero, gerta daiteke bat bera ez izatea ez bertan sortua, ez euskarazkoa. Eta horren erakusleihoa auzoan dugun Pabiloi6 izatea oso interesgarria da.
Euskal Herri mailan arte eszenikoen eskola profesional eta homologatuaren sorrera kontu zaharra da. Noizko zabalduko da?
Politikoak ez dira zintzoak izan, tranpaka ibili dira, proiektua beti atzeratzen. Erakina egiteko lizitazioa zabalik egon zen aurreko legegintzaldian eta bertan behera utzi zuten forma akatsengatik. Tranposismoa egon zela uste dut. Oso beharrezko da eskola, baina horrekin batera arte eszenikoen industrian benetan inbertitzeko konpromisoa behar da, bestela kea saltzen egongo gara. Ezin diegu gazteei hau edo bestea ikasteko esan gero ez badago non lan egin. Herri honetan eraikinak baino ez ditut ikusten, kultur etxeak milaka, baina programaziorik gabekoak, hutsik. EITB bat estudio erraldoiekin, baina ekoizpen gutxirekin. Ekoizpen propioak oso garrantzitsuak dira, gure herrialdean zein motako erralitatea bizi dugun kontatzen digute. Molatzen duten produktuak egiten baditugu gazteek, horiek ikustean, ez dute nahiko erderaz egin, ez dute beharko. Dirua eta borondatea behar dira hori dena aurrera ateratzeko.
Testua: Lur Mallea
Argazkiak: J. Garcia