Auzoko merkataritza babesteko, kontzientziazio-kanpaina eta street marketingeko ekitaldiak

prestaldizkaria 2013ko mai. 29a, 13:06

 “Nik nire auzoan erosten dut” kontzientziazio-kanpaina hirian zehar aurki daitezkeen 6.200 denda eta ostalaritza-establezimenduri baino gehiagori dago zuzenduta. Bilboko 15 establezimenduk, maiatzaren 31rako, street marketingeko 14 ekintza antolatuko dituzte beren bezeroak harritu eta entretenitzeko.

Bilboko Udalak hiriko merkataritzarekiko elkartasuna areagotu du. Marta Ajuriak, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, Bizkaiko hiriburuko Udalak sektorea babesteko sustatu dituen bi ekimen aurkeztu ditu gaur, merkataritzan esku hartzen duten gizarte-eragileekin lankidetzan.

Bi proposamen horiek Bilboko Udalak hiriko merkataritzarekin duen konpromiso aktiboarekin daude lotuta. Hiriko merkataritza jarduera ekonomikoaren oinarri erabakigarritzat jotzen da, bereziki egungoa bezalako ziurgabetasun-testuinguru batean.

Auzoko establezimenduen balioa

 “Nik nire auzoan erosten dut” da Bilbao Ekintzaren Merkataritza Arloak antolatu duen kanpainaren leloa. Kanpaina hau aste honetan jarriko da martxan, eta bi helburu ditu:

-  Bilbotarrak hurbiltasuna eta tratu pertsonalizatua bereizgarri dituzten hurbileko establezimenduetan erosteak duen garrantziaz kontzientziatzea

-  Udalak egoera ekonomikoa zaila den arren “ateak” irekita izaten ahalegintzen diren auzoko establezimenduei babesa erakustea.

Marta Ajuriak, Merkataritza eta Turismo zinegotzi ordezkariak, aste honetan gutun bat bidali die Bizkaiko hiriburuko 37 auzotan sakabanatuta dauden 6.200etik gora establezimenduei (dendak, ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuetakoak barne). Ekimen honetarako ez dira barne hartu ez Bilboko hirigunea, ez Zazpi Kaleak, eremu sendoak direlako, identifikatuta daudelako eta ospe handia dutelako erreferentziazko merkataritza-eremu gisa. Proposamen honen arrazoiak azaltzen dituen mezuarekin batera, Udalak lokal bakoitzera material eransgarria bidali du, kasuan kasuko auzoaren akronimoarekin, bistako toki batean jar dezaten.

Guztira 37 binilo diseinatu dira, eta desberdinak dira ekimen honetan parte hartzen duen auzo bakoitzaren akronimoaren arabera. Establezimenduek, era berean, kanpainaren publizitate-irudia duten 185.000 txartel-eramaile jaso ditu bezeroen artean banatzeko. Proposamen hau, praktikan, aintzatespen eta pizgarri berezi bat da, Bilboko txikizkako merkataritzari berariaz zuzendua. 2013ko lehenengo hiruhilekoan txikizkako establezimenduak 6.745 izatera iritsi ziren, eta 13.900 pertsona baino gehiago zituzten Gizarte Segurantzara afiliatuta.

Kanpaina aste honetan jarriko da abian mezu argi eta zuzen batekin: “Zure auzoan erostea zure auzoa maitatzea da”. Inguru bizi baten parte sentitzearen harrotasuna aldarrikatzen du, norbera bizi den lekuaren gaineko harrotasuna, alegia, eta, aldi berean, kanpainaren leloak auzokideei gogorarazten die bezeroak hobekien ezagutzen dituzten tokietan erosteak abantaila handiak dituela. Gainera, establezimendu txikia hiriko giza eta gizarte bizitzaren ardatz eta elementu antolatzaile bezala duen paperaz kontzientziatzen du. Bilbao Ekintzak  944 20 53 30 telefono zenbakia eta comercio@bilbaoekintza.bilbao.net emaila erabilgarri jarri ditu establezimendu parte-hartzaileen eskaerei edo kontsultei erantzuteko.

Street Marketinga. 15 establezimendu, 14 eremu, 14 ezusteko

Bilboko Udalak “Bilboko Establezimendu Berritzaileak (CIB)” Plataformaren bitartez sektorea babesteko sustatu duen bigarren ekimenak gatz, ezusteko eta dibertsio dosi handiak barne hartzen ditu.  Hitzordua datorren ostiralean izango da, maiatzaren 31n, 19:00etan.  Egun horretan, hamabost establezimenduk, Euskadin aurrekaririk ez duen ekimen batean, inork galdu nahiko ez dituen street marketingeko hamalau jarduera paralelo jarriko dituzte martxan.  Ekintza honek bi helburu ditu:

- Batetik, CIBk merkataritzaren arloan berrikuntza lantzeko egin duen ahalegina balioestea.

- Bestetik, establezimendu horien produktuak eta zerbitzuak modu ludikoan eta jai-giroarekin aurkeztea.

Proposamen honetan parte hartuko duten establezimenduak honakoak dira: Papelería Arnaga, Decoración Julio Aristin, Cerrajería Wilma, Retoque Arreglos de Ropa, Optikari, Xela Tendencias, Frutas Fran Salado, Serie B, Zorua Ettiketa, Vanaan, Urban Bike/Beren Beregi, Fotorama, Zazpiak Bat eta Kulaka. Zer espero dezakegu? Asko eta dena ona:  moda, magia, gastronomia, artisautza, antzerkia, musika eta, jakina, dantza, dantza asko.

Antolatu den jarduera bakoitzaren edukia sekretua da, eta datorren ostiralean (maiatzak 31) argituko da, arratsaldeko 19:00etan. Ekimen honen erronka hiriko merkataritzarik berritzaileenaren eta haren bezero potentzialen arteko topaketa sustatzea da, ikusminak eta bizitzeko eta esperientzia berezi eta paregabeak konpartitzeko nahiak  bultzatuta bezeroak establezimendu horietara erakartzea lortuz. Arreta deitzea, sinpatia piztea eta herritarrekin zuzenean komunikatzea dira street marketingeko ekintzek hiri eta merkataritza eremuetan duten arrakastaren arrazoiak.

CIBren presentzia eta publizitatea

Proposamen hau bat dator Bilbao Ekintzaren Merkataritza eremuak sustatutako estrategiarekin. Estrategiak ideiarik berritzaileenak babesten ditu, establezimenduen sormena eta bezeroekiko elkarrekintza sustatzeko.  Politika honi jarraiki egin zen CIBren (Bilboko Establezimendu Berritzaileak) I. Sarien deialdia. Hain zuzen ere, apirilaren 25ean Trauko kaleko Cerrajería Wilmak lortu zuen sari hori.