Agur Magisteritza Eskolako eraikinari

prestaldizkaria 2013ko eka. 18a, 18:23

Irakasle Eskolak agur esango dio Arangoitiri. Azken ikasleei 2011ko udan ateak itxi zizkien eraikina egunotan eraisten ari dira hondeatze makinak. Bere lekuan, 180 etxebizitza, zazpi bloketan banatuta, eraikiko dituzte.

49 urtez Arangoitiko eraikinean kokatuta egon eta gero, Bilboko Irakasle Eskola Leioako campusera joan zen 2011ko udan. Udako hileetan egin zuten leku aldaketa, eta irailean Leioako campuseko eraikin berrian hasi zuten ikasturtea.

1962an ireki zituen ateak Enekuriko behatoki ederrean kokatua dagoen eraikinak, Bilboko "Escuela de Maestras" hartzeko asmoz. Eraikinean bertan Aneja izeneko haurren eskola ere bazegoen. Eskola biek lotura estua zuten, Irakasle Eskolako ikasleek Aneja eskola horretan egin behar baitzituzten praktikak legeak hala aginduta. Arau horrek 1990rarte iraun zuen, LOGSEk eskola guztietan praktikak egiteko aukera zabaldu zuenean. Horren ondorioz Aneja eskola desagertu eta Irakasle Eskolak azpiegitura osoa bereganatu zuen.

1962ko inaugurazio ekitaldira frankismo garaiko ministraria etorri zen eta gertakari garrantzitsu moduan jaso zuen orduko prentsak.

Bilboko "Escuela de Maestras" delakoak ordurako ibilbide luzea egina zuen. 1902an sortu eta Bilboko Erriberako eraikin baten eman zitzaion hasiera lehenengo ikasturteari. Orduan, 52 ikasle eta 10 irakasle zituen eskolak. 1912an Solokoetxera joan, eta 1962tik hona Deustun kokatua egon da. Irakasle ikasketek beraz, tradizio eta prestigio handia izan dute Bilbon.

Urte hauetan guztietan zehar aldaketa asko bizi izan ditu Irakasle Eskolak. Begoña Bilbao Idazkari Akademikoak aipatzen digunez, berrikuntza garrantzitsu bat 1976an gertatu zen. "Urte hartan euskara irakasgai moduan ematen hasi zen lehenengoz. Patxi Uribarren eta Juan Luis Goikoetxea izan ziren horren sustatzaileak. Euskaltzaindiatik etorri eta lehenengo euskara eskolak eman zituzten bertan". Orduko errektorea, Martin Mateo katalana zen, eta berak eman zuen euskara irakasteko baimena. "Urte haietan ikasleentzat euskara ikastaro trinkoak antolatu ziren udan eta 1980an karrera osoa euskaraz egiteko aukera zabaldu zen, espezialidade batzuetan behintzat". 1983-84koa izan zen lehenengo promozioa euskaraz, eta hori ospatzeko Estrasburgora egin zuten bidaia. Hango parlamentuan euskaraz ikasteko aukerari buruzko hitzaldia eman zuten.

"80. hamarkadaren hasiera Irakasle Eskolaren booma izan zen" gogorarazten digu Begoña Bilbaok. "Urte haietan irakasle euskaldun asko eskoletan hasi ziren lanean, baina hurrengo urteetan beherakada txiki bat ezagutu genuen".  Dena dela, 1990an espezialidade berriak hasi -musika eta atzerriko hizkuntza-eta berriro etorri zen gorakada. "Gaur egun ere oso egoera onean gaude. 2007tik hona prentsan agertu gara etorkizun handiko karrera moduan eta horrek eragina izan du ikasle kopuruaren gorakadan" aipatzen digu Bilbaok.

Zalantza barik, hazkunde handia ezagutu du urte hauetan guztietan zehar. 2011-12 ikasturtetik baina, Arangoitiko lurretatik urruti, EHUko Leioako campusean ari da bere bidea egiten Irakasle Eskola.

Bere lekuan etxebizitzak

180 etxebizitza, zazpi bloketan banatuta, eraikiko dituzte Magisteritza Eskola zaharraren lursailean: 40 babes ofizialekoak, 40 tasatuak eta 40 libreak. Denak aspaldi salduta daude. Izan ere, salmentan jarri eta aste batzutara denak saldu ziren. Besteak beste, Deustualdeko jende asko dago erosleen artean.

Desnibela da, %25 eta 40 bitartekoa, bizilagun berriek beraien etxe inguruan izango duten arazoetako bat. Arazo horri leuntzeko urritasun fisikoa duten pertsonen Feekor elkartearekin aritu da Udala lanean.

Igogailua

Deustu eta Arangoiti auzoak etxebizitza berriekin lotzeko plataformadun igogailu bat eraikiko da. Prim kalean dagoen igogailuaren antzekoa. Ramon y Cajal kalea zazpi bloke berriekin lotuko ditu. Argitzeke dago igogailuaren bidea luzatuko den Arangoitin gorago bizi diren auzotarrei zerbitzu eman ahal izateko.

Lanpostuak

1. Barrutiko Langile Langabeen LANERA Elkarteak Magisteritza Eskola zaharreko lursailetan eraikiko diren etxebizitzen obran lana lortzeko itxaropena dauka. Amenabar enpresako Giza Baliabideetako arduradunarekin telefonoz hitz egin dute elkartekideek eta “bilera dugu hitzartzeke”.